Bihar omenduko dituzte 1936ko uztailaren 27tik 28rako gauean eraildako beasaindarrak. Omenaldia 19:00etan egingo dute Igartzako oroigarrian. Irakurketa taldeak ere parte hartuko du
Aurten 80 betetzen dira Errepublikaren aurka altxatutako militar eta erreketeek Beasainen sartu eta hainbat herritar fusilatu zituztenetik. 1936ko uztailaren 27tik 28ra bitarteko gaua izan zen hura, eta gau hartan eta ondorengo hilabete eta urteetan erailak izan ziren beasaindarrak gogoratzeko bihar ekitaldi bat egingo dute Igartza inguruan dagoen eskulturan, azkeneko urteetako ohiturarekin jarraituz. Beasaingo fusilatuen aldeko herri ekimenak antolatu du ekitaldia, eta irakurketa taldeak ere parte hartuko du.
Biharko omenaldia berezia izango da, 80 urte betetzen baitira gertakari haietaz, Hitzordua 19:00etan izango da, eskulturaren inguruan. Aurkezpenaren ondoren, irakurle taldekoek errezitaldia egingo dute lehenik, tartean olerkiak eta bertsoak. Fusilatutakoen familiakoek parte hartuko dute gero, eta dantzarien agurra etorriko da ondoren. Dantza amaituta, eta musikaz lagunduta, fusilatu eta eraildakoen izen-abizenak zerrendatuko dituzte, eta lore eta kandela eskaintza egingo dute amaitzeko.
Beasaingo fusilatuen aldeko herri ekimenak herritar guztiak gonbidatzen dituzte omenaldi horretara, 2012an abiatutako ohiturari segida emateko.
Aurretik, tertulia
Irakurle taldeak, bestalde, ekitaldi horren aurretik egingo duten tertulian parte hartzeko gonbitea luzatu du. Uztailean, Josu Penades idazlearen
Ileak uretan liburua irakurtzen ari dira taldeko irakurle gazteak eta helduak, 35-bat lagun, eta bihar 17:00etan dute liburu horren inguruko tertulia Igartza jauregian. Horrela, iaz bezala, aurten ere memoria historikoaren gaia landuko dute hilabete honetan, Beasaingo fusilatuen eta eraildakoen aldeko omenaldiaren harira.