Goierri odolez izularritu dute
Gerra asko gordindu da Goierrin, bigarren astean. Faxistek Ataun, Idiazabal, Lazkao eta Beasain hartu dituzte, hiru egunean. Sarraskia egin dute Beasainen, ...
Gerra asko gordindu da Goierrin, bigarren astean. Faxistek Ataun, Idiazabal, Lazkao eta Beasain hartu dituzte, hiru egunean. Sarraskia egin dute Beasainen, uztailaren 28ko goizaldean 35 lagun fusilatuta. Errepublikazaleak ofentsiba geratzen saiatu dira, baina su indarrez, tropaz, antolamenduz eta prestakuntzaz apalagoak dira erasotzaileak baino.
1936-7-25, larunbata
Malcamporen zutabeak Ataun hartu du. 15:30ak aldera San Martinera iritsi dira. Lizarrustitik Akerreta, Lareo, Marumendi, Agautz, Aietzio eta Ikarandietatik etorri dira, mendiz.
Altsasun egon da altxatuen indar handiena, Cayuelaren agintepean, eta Idiazabalerantz abiatu da. Herria hartu du, Etzegaraten behera, tirorik gabe. Beasain dute helburu.
1936-7-26, igandea
Lazkao hartu du Malcampok, erresistentziarik gabe. Beasain inguruetan defentsa errepublikarra ez dago batere ondo antolatuta: Donostiako batailetan jarria dute arreta, eta miliziar gehienak han dira.
Beasain babesik gabe dago ia, eta faxistak Lazkaoraino hurreratzeak alarma piztu du. Miliziar talde bat bideratu dute Beasainera, Alejo Beñaran urretxuarrak gidatuta. Guardia Zibilaren kapitaina da Beñaran, 54 urtekoa, eta Eibarko postuko komandantea. Tolosatik, Hernanitik eta Donostiatik errefortzuak bidali dituzte Beasainera, baita Eibartik ere.
Borroka gogorrak izan dira. Cayuelak hiru aldetatik jo dio erasoa Beasaini: Malcampo eskuinaldetik, Albizu erditik eta Cayuela bera ezkerretik.
1936-7-27, astelehena
Pablo Cayuela teniente koronelaren tropak Beasainen sartu dira, Beñaran kapitainaren defentsa gaindituta. Errepublikarrek laguntzeko zutabe bat bidali dute, baina ezin izan du frankistak sartzea eragotzi.
Beasain inguratuta dutela, frankistek Miren Abasolo Gordibil bi urteko neskatila hil dute.
Pasaian, errepublikazaleek Felipe Goena Urkia apaiz beasaindarra (54 urte) fusilatu dute. Donostiako kalean atxilotu, eta bere parrokiara eraman dute, hiltzeko. Pasai San Pedron apaiz ekonomoa zen. Gerran, euskal eremu errepublikarrean hildako 45 apaizetatik lau Gipuzkoan fusilatuko dituzte. Goena izan da lehenengoa.
1936-7-28, asteartea
Beasainen gaua odoltsua izan da. Goizaldeko 5etan 35 lagun fusilatu dituzte faxistek, Albisuenea etxearen aurrean. Tartean Alejo Beñaran kapitaina eta beste 7 guardia (bi euskaldunak); Evaristo Mendia karlista (58 urte), Gregorio Begue ordiziarra, Andres Izagirre (23), Guillermo Ugarte (57), Domiciano Garcia (16)…
Beasainen defentsan aritu den Jose Luis Igartua atxilotu dute, zaurituta. Lau hilabete barru fusilatuko dute frankistek, Iruñean. Jose Maria Igartua (Jose Luisen semea) atxilotu, torturatu eta hilda Mutiloako errepidean bota dute. Isidro anaia ere borrokan hil da.
Fusilaketak Roberto Moriones Beasaingo plazako komandante militarrak eta Luis Guridi alkate izendatu berriak agindu dituzte. Erreketeek etxeak arpilatu dituzte. Emakume eta haur asko Usurbe aldeko Erauskingo baserrietan babestu dira.
Beasaingoa Gipuzkoako lehen hilketa masiboa izan da. Nafarroan 500 lagun baino gehiago fusilatuak dituzte faxistek, dagoeneko.
Beasain hartuta, militarki Gipuzkoa hegoaldea Nafarroarekin eta Arabarekin komunikatu dute frankistek. Bestetik, Tolosarako bidea ia oztoporik gabe ireki dute, Orian behera. Beasaingo industria bereganatuta, arma ekoizpena ziurtatu dute.
1936-7-29, asteazkena
Faxistek lehen erasoaldia egin dute Ordiziaren aurka. Herriaren zati bat hartzea lortu dute.
Eduardo Urtizberea mikelete buruak miliziar taldeak bidali ditu Ordizia inguruko Mariaratzera eta Lazkaomendira, posizio horien garrantziaz jabetuta. Lazkaomendiko eskola inguruan, Ordiziatik irten den Pablo Sanz konpainiako anarkista tolosarrek 26 erreketeren taldearekin topo egin dute.
Soldadu nazional direla esanda inguratu dira anarkistak, eta erreketeak preso hartu dituzte. Barandallaren taldekoak dira ia denak, Sakanakoak. Bostek ihes egin dute. Beste 21 gatibuek Ordizian deklaratu ondoren, Donostiako Ondarretako kartzelara eraman dituzte. Ekintza aipagarria da biharamuneko prentsan.
Zumarraga-Zumaia artean, Urolako Trenaren merkantzia zerbitzua berriz hasteko agindu du Ordena Publikoaren Komisariak, industriariek eskatuta.
1936-7-30, osteguna
Ordizia berreskuratu dute indar errepublikazaleek, faxistak atzeraraziz. Hildako asko izan da. Borrokaldi bortitzenetako bat Areta baserri parean gertatu da. Donostiatik 500 gizonen buru goizaldean iritsi den Rafael Conde Salazar asaltoko teniente errepublikarra hil da, baita altxatuen tropan Pedro Vidal tenientea ere.
Cayuelak operazio militarren egunerokoan idatzi du 12 baja izan dituztela eurek (hildakoak eta zaurituak barne), eta errepublikarren aldean asaltoko 10 guardia, sarjentu bat eta teniente bat hil dituztela.
Errepublikaren Gipuzkoako agintari militar Montaud komandanteak Oriako frentea ikuskatu du, pertsonalki.
Egun gogorra izan da. Errepublikarrek Itsasondoko errepidetik Beasaingo CAF bonbardatu dute, erreketeak han gotortu direlako. Pintura eta berniz tailerra jo eta erre dute.
Bilboko osasun etxean Julian Iradi 18 urteko beasaindarra artatu dute, eskuin eskua zaurituta iritsi baita Donostiako borroketatik. Frankistek Logroñon Gregorio Elvira ordiziarra (Mendabian jaioa, 39 urte) fusilatu dute, eta Haza de Roan (Burgos) Benito Garcia ordiziarra (han jaioa, 38 urte).
Zumarragatik Maltzagara tren zerbitzua berrezartzeko agindu du Ordena Publikoaren Komisariak: goizean tren bat eta arratsaldean beste bat.
Altsasutik, faxistei ihesi, 600 bat lagun iritsiak dira Goierrira. Asko borrokara batu dira.
1936-7-31, ostirala
Montaud militar errepublikarrak Urtizberea mikelete buruari agindu dio bil ditzala mikelete eta guardia zibil guztiak Ordizia aurrean, eta dauden miliziarrekin zutabeak antola ditzala, etsaia han gerarazteko. Urtizbereak hiru zutabe osatu ditu, 100na gizonekoa bakoitza. Batzuek bakarrik dituzte fusilak; gehienek pistola eta ehizarako eskupeta soilik. Metrailadore eta mortero bana bakarrik dauzkate. Indar horrekin, Ordiziatik gorako baserrietan, errekaren ekialdeko ertzean eta ur deposituetan kokatu dira errepublikazaleak.
Cayuelak, beste aldean, 800 gizon dauzka, militarki su potentzia handia (artilleria dauka), eta soldadu prestatuak (gehienak armadako erregularrak dira). Ordizia bonbardatu, eta bi herritar hil dituzte: Joxe Manuel Lekuona mutiloarra (68 urte, Ordizian bizi zen) Zabala jauregi aurrean autobusaren zain zegoela; eta Josefa Manuela Lasa lazkaotarra (54 urte), Ordiziako etxean zegoela. Santa Maria kalean, balkoian arropa esekitzen ari zela, berriz, Felipa Lasa lazkaomenditarra hil dute, tiroz jota.
Beasainen, altxatuek herriko emakumeak giza-babesgarri modura erabiltzen dituztela salatu dute errepublikarrek: «Haien atzetik tirokatzen eta hiltzen dituzte biktima horien familiartekoak eta Frente Popularreko miliziarrak».
Errepublikarrek Beasaingo bagoi fabrika bonbardatzen segitu dute. Lazkao ere bai, «Sakanako erreketeen koartel nagusi» delako.
Ordizian arma eta janari eskasia dute defendatzaileek. «Irin gutxi geratzen da, patatarik eta ikatzik batere ez, urik gabe gaude eta erabat desordenatuta. Kaosaren ertzean gaude. Indarra eta munizioa ere falta zaigu», idatzi die Eugenio Arana alkateak Gipuzkoako Defentsa Batzordekoei.
Gipuzkoako Defentsa Batzordea eratu dute
Gerra egoeran, erakundeak ordezkatuko dituen Gipuzkoako Defentsa Batzordea uztailaren 27an sortu dute. Errepublikaren eremuko aginte gorena da, izaera iraultzailekoa.
Sei komisaria ditu, hasieran: Gerra, Hornidurak, Garraioa, Ordena Publikoa, Informazioa eta Finantzak. Miguel Amilibia diputatu sozialista da lehendakaria. Gerra komisarioa, berriz, Jesus Larrañaga Txurruka Goierri urretxuar-beasaindarra. Joseba Rezola ordiziarra ere talde horretan dago.
Mobilizazio agindua egin du Defentsa Batzordeak, goizean, irratiz. Mendebaldeko indarrei Beasain-Ordizia defenditzera joateko agindu die.