Kazakhstanen dira Joseba Iztueta gabiriarra eta Mikel Diez zumarragarra, Khan Tengri 'zazpimilako' mendian. Astebetean, hirutik bi kanpaleku jarri dituzte bidean. Elur asko ari da egiten.
Luis Sagastume, Mikel Diez eta Joseba Iztueta.
Ametsetatik gailurretara proiektuak koska bat gehiago igo du, aurten. Iaz Boliviako Andeetan igoera batzuk egin ondoren, Joseba Iztueta eta Mikel Diez Kazakhsten dira, aurten.
Zazpimilako bat dute helburu, biek orain arte igo duten gorena: Khan Tengri (
Zeruetako erregea, kazakheraz). Uztailaren 16an ekin zioten bidaiari, eta 19tik menditzar haren magalean dira.
Khan Tengriren gailurra 7.010 metroko garaieran dago, Thian Shan mendilerroko bigarren altuena da. Txinaren, Kirgizistanen eta Kazakhstanen mugan dago, Almati hiritik ekialdera. Latitudez iparraldeen dagoen
zazpimilakoa da Khan Tengri. Horregatik, eguraldi aldakorra, klima gogorra eta hotza, eta igotzeko denboraldi murritza du.
Igoera, iparraldetik
Khan Tengrira Kazakhstan aldetik igotzen ari dira Iztueta eta Diez, iparraldetik. Oinarrizko kanpalekua 4.000 metrora dago, eta uztailaren 19an iritsi ziren hara, helikopteroan.
Gailurrera bidean hiru kanpaleku jarriko dituzte. Aurreneko biak muntatu dituzte jada: lehenengoa 5.300 metrora, Semenovsky glaziarra igota, ostiralean kokatu zuten. Igoera erosoa izan zitzaien, tarte zailenak sokaz ekipatuta aurkitu zituztelako. Bi gau han pasatu dituzte.
Bigarren kanpalekua 5.900 metrora ipini dute. Herenegun iritsi ziren kota hartara. Dendak jarri eta lehenengora jaitsi ziren. «Bideak maila teknikoa eskatzen du, eta oso nekatuta iritsi dira», jakinarazi dute ingurukoek.
Elur asko egin du mendian, eta asmoak egunetik egunera aldatu beharra ekarri die horrek. Larunbata, adibidez, oinarrizko kanpalekuan igaro behar izan zuten. Espedizioaren berri webgune batean ari dira ematen (
ametsetatik-gailurretara.com).