Deakin Hicks talde amerikarraren eta Eneko Dorronsororen musika Igartzan
Abuztuaren 4an Igartzako makaldian joko dute 20:00etan hasita.Eguraldiak laguntzen ez badu jauregian joko dute.Klarinetea, banjoa, akordeoia eta trikitia uztartuko dituzte.
Duela bi urte ezagutu ziren Lucas Hicks estatu batuarra eta Eneko Dorronsoro ataundar trikitilaria, Joseba Tapia trikitilariak antolatutako banjo ikastaroan. Harrezkeroztik, harreman berezia sortu da bien artean eta Dorronsororen Ataungo etxean trikitia eta banjoa batera jo zuten lehenengo aldian sortu zen magiaz berehala ohartu ziren. «Lehenengo momentutik gustatu zitzaigun banjoaren eta trikitiaren arteko uztarketa», dio Eneko Dorronsorok. «Trikitia oso bizia da eta banjoa ere bai. Fandangoa banjoarekin jota oso berezia da. Horrelakorik ez da ikusi sekula», nabarmendu du.
Harreman hura sortu zenetik, urtero etorri da Lucas Hicks Ataunera; eta Dorronsoro behin baino gehiagotan joan da Amerikako Estatu Batuetara eta Kanadara. Bikote amerikarraren bidaia ordaintzeko kontzertuak egiten dituzte. «Alemaniara eta Estoniara joatekoak ziren aurtengo udan, eta bitartean Euskal Herrira etortzea pentsatu genuen, kontzertuak eginez bidaia ordaintzeko. Beasaini eskaini genion aukera eta onartu egin dute. Europako kontzertuak bertan behera gelditu ziren, baina Euskal Herrira etortzea mantendu egin dute». Bi asterako etorriko dira oraingoan Deakin Hicks taldea osatzen duten Thomas Deakin eta Lucas Hicks, abuztuaren 3tik 16ra.
Goierrin bi kontzertu egingo dituzte. Lehenengo hitzordua, abuztuaren 4an Beasainen dute, Igartza Musika zikloaren barruan, 20:00etan, Igartza Monumentu Multzoko makaldian. Eguraldi txarra egiten badu jauregi barruan egingo dute.
Bigarrena, berriz, abuztuaren 10ean dute, Ataungo Aian. Azkenik, abuztuaren 12an Donostian izango dira, Dokan.
‘Old time’ musika
Old time musika egiten dute klarinetea eta akordeoia lagun dutela. AEBetako musika estiloa da jotzen dutena; Ingalaterrako, Eskoziako, Irlandako eta Afrikako hainbat herrialdeetako musikan du jatorria. Kontzertuaren lehenengo zatian, What could possibly go wrong? diskoko lanak aurkeztuko dituzte. Bigarren zatian, Dorronsororen trikitiarekin batera, eta banjoa lagun, AEBtako eta Euskal Herriko hainbat doinu joko dituzte. «Thomas musikari eta artista ikaragarria. Inprobisazio puntu bat jartzen die kantu guztiei». Irailean musika eta dantza Igartza Musikaren hurrengo saioa irailaren 23an izango da, Usurbe Antzokian: Garden Alos Quartet eta Aukeran dantza taldearen uztarketa.