Kataluniarren giza-eraikuntza ikusgarriak Gabiriako festetan
Abuztuaren 13tik 17ra ospatu ziren Gabirian Andre Mari eta San Roke festak. Aurten, berritasun nabarmenena Kataluniako Falcons de Vilafranca taldearen ikuskizuna izan da. Giza eraikuntzak egin zituzten abuztuaren 15eko arratsaldean. Castell edo giza-gaztelu batzuk ere egin zituzten arren, euren burua ez dute castellers gisa aurkeztu, Txekiako tradizio batetik ere edaten dutelako.
Sei pertsonaren altuerako dorreak, piramide itxurako konposizioak, dorre birakariak… mota eta zailtasun-maila desberdineko irudiak egin zituzten, plazan. Goruntz dantza taldearekin txandakatuta osatu zen saioa; 45. urteurreneko ospakizun saioa (1971-2016) egin zuen herriko taldeak, bere aldetik, dantzari ohi eta egungo askorekin. Ekaitzak ikuskizuna eten zuen, eta eliza-atarian bukatu zuten.
Bestetik, jaien hasierako pregoia Goruntz taldeak irakurri du aurten, Makila Jaitsierarekin (abuztuak 13). Gazte afarian 110 lagun elkartu ziren. Ormaiztegitik Gabiriarako txirrindulari igoera herrikoiak 25. ekitaldia izan du. Jokin Sudupe Mendizabalek (Gabiria, 1988) irabazi zuen, abuztuaren 15ean, 12:14 minutuko denborarekin. Jokin Matxinandiarena Alustiza eta Edorta Gorostola sailkatu ziren gero. Nesketan Maialen Igartzabal izan zen lehenengoa (19:17), eta gazteetan Iraitz Izuzkitza.