Jose Javier Esnaola: «Marraztea eta olioarekin margotzea atsegin dut batez ere»
Jose Javier Esnaolak (Urretxu, 1956) ‘Retrospectiva’ erakusketa irekiko du ostiralean, 19:00etan, Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Bere lanak irailaren 18ra arte egongo dira bertan. Nolatan zaletu zinen? Marraztea, margotzea eta
Jose Javier Esnaolak (Urretxu, 1956) ‘Retrospectiva’ erakusketa irekiko du ostiralean, 19:00etan, Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Bere lanak irailaren 18ra arte egongo dira bertan.
Nolatan zaletu zinen?
Marraztea, margotzea eta irakurtzea umetatik atsegin ditut. Nire gurasoek ere pintura eta literatura gustuko zituzten. Nire lehen irakaslea Felix Vaqueriza zumarragarra izan zen. Bi urtetan ia gau eta egun marraztu eta margotu nuen eta, azkenean, Arte Ederrak ikastea erabaki nuen. Literatura ikasten ari nintzen, baina zabalegia zela iruditu zitzaidan. Nik literatura bakarrik ikasi nahi nuen, baina fonetika eta linguistika bezalako ikasgaiak ere bagenituen.
Non lan egin duzu?
Azken ikasturtean, ustekabean, ikasgai berri bat jarri ziguten: geometria deskriptiboa. Azkenerako utzi nuen eta aurre egiteko ordua heldu zenean Azpeitiko arte eta diseinu eskolara joatea erabaki nuen. Unibertsitate-ikasketak amaitzeko ikasgai hori bakarrik falta zitzaidala jakin zutenean, eskolak ematea eskaini zidaten. Azpeitian lan egin dut, duela bi urtera arte. Geroz eta ikasle gutxiago genituen, eta langabezian gelditu nintzen. Egun, marrazten, margotzen eta irakurtzen ematen dut eguna.
Urte asko daramatzazu marrazten eta margotzen.
Marraztea eta olioarekin margotzea atsegin dut, batez ere. Paisaiak margotzea gustatzen zait. Erretratuak ere egiten ditut, noizean behin, arkatzarekin.
Erakusketa asko egin al dituzu?
Ez asko. Urretxu eta Zumarragan bitan bakarrik erakutsi ditut nire lanak. 1980ko hamarkadaren amaieran izan zen. Anaia-arrebak, ilobak eta lagunak izan dira nire lanak berriro erakustera bultzatu nautenak.
Zer ikusi ahal izango da?
Batez ere, paisaiak. Natura hilen bat ere eta margolan zaharrak ere jarriko ditut: Vaquerizarekin egin nuen bigarrengoa, adibidez. Lan horretan argimutil bat ageri da.
Zure lanak herrian erakusteak ilusioa egiten al dizu?
Bai. Gainera, Juan de Lizarazu aretoa oso ondo dago eta kultur etxeko teknikariek erraztasun asko eman dizkidate.
Zer ematen dizu pinturak?
Oso zaila da galdera horri erantzutea. Hitzekin azaltzea asko kostatzen zait. Pintura asko gustatzen zait. Batez ere, paisaiak margotzea atsegin dut. XVIII. eta XIX. mendeetako poesia erromantikoa irakurtzea ere asko gustatzen zait.
Margolari kuttunen bat ba al duzu?
Bai. Erakusketan beste margolari batzuen lanetan oinarritutako koadroak ikusi ahal izango dira: Constable, Corot, Cezanne, Gauguin… asko gustatzen zaizkit.
Gizarteak arteari merezi duen garrantzia ematen al dio?
Nire ustez, izen handiei garrantzia handia ematen zaie eta eskola txikiei ez zaie behar bezainbeste laguntzen. Gainera, marrazketak toki handiagoa izan beharko luke hezkuntzan.