Astean zehar hasiko dute 2016-17 ikasturtea Goierrin 10.000 ikaslek
Txandakatuta ekingo diete klaseei eskualdeko 27 ikastetxeek eta bi lanbide eskolek. Goiztiarrena Lazkao San Benito ikastola izan da. Mila irakasle ariko dira
Lazkaoko San Benito ikastolako 1.200 ikasleak izan dira 2016-17 ikasturtea hasten lehenengoak, Goierrin. Atzo izan zuen aurreneko eskola eguna ikasleria osoak, ikastetxeak ematen dituen hiru ikaskuntza-epeetan: HH Haur Hezkuntzan, LH Lehen Hezkuntzan, eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak zehaztutako egutegia baino bi egun lehenago hasi dira: «Ikasleak kexatu dira, besteak baino lehenago hasi behar izan dutelako. Baina Lazkaon San Migel eguna [irailaren 29a] jai hartuko dugu, baita San Prudentzio ere», dio Josune Aranburu zuzendariak. Izan ere, kurtsoan zeharreko egutegia ikastetxe bakoitzak zehazten du, Hezkuntza Sailaren epe-mugen barruan; bukaera, ekainaren 23an da.
Gehienak, asteazkenean
Hala, ikastetxe gehienak bihar, irekiko dituzte ikasleentzat. Beasain, Idiazabal, Zaldibia, Legorreta, Segura, Urretxu, Itsasondo, Zumarraga, Ataun, Zegama, Olaberria, Legazpi, Zerain eta Ormaiztegiko eskolak irailaren 7an hasiko dira; Gabiriakoa ostegunean, eta irailaren 12an Ezkio-Itsasokoa —hirugarren ikasturtea du, 2014ko irailean irekia baita— eta Ordiziakoak (aurkez- pena ostegunean dute).
Guzti-guztiek, hala ere, 175 eskola-egun eman beharko dituzte; HHn eta LHn 850 ordu dira, eta DBHn 1.050 ordu.
Hamar mila ikasle inguru
Azken kurtsoetako ikasle kopuru antzekoa eskolatuko da 2-18 urte arteko epean, Goierrin. Denera, 10.000 neska-mutiko ibiliko dira 2016-17 ikasturtean eskualdeko ikastetxeetan. Irakasleria aldetik, berriz, 1.000 profesionalek eskolatuko dituzte haur horiek guztiak. «Hor sartzen dira errekurtso berezietako irakasleak ere, baita bestelako funtzioetan dihardutenak ere. Ez du esan nahi irakasle bati 10 ikasle dagozkionik», zehaztu dute Ordiziako Berritzegunetik.
Goierrin, 27 ikastetxe daude, hiru etapetakoak. Horietatik bost itunpekoak dira (ikastolak eta erlijiosoak). Lanbide heziketako beste bi zentrok (Goierri Eskola eta UGLE) eta helduen irakaskuntzako bi HHI eskolak (bat Zumarragan, bestea Beasainen) osatzen dute eskaintza.
Urterik urte, jaiotze tasak ikasle kopurua aldatu egiten du. Orain, joera beherakoa da. Ikasturtean zehar, matrikulatik kanpo, ikasle etorkinak hartuko dituzte, bestetik. «Geletan kopuru bat uzten da libre, ahal denean. Beteta dauden kasuetan, kupoz gaindi hartu behar izaten dira», azaldu dute Berritzegunekoek
Errebalidaren erabaki zain
Espainiako Ministroen Kontseiluak erabakia du kurtso honetan errebalida-azterketa egin beharko dela, DBH eta Batxilergo amaieran. Goierriko ikastetxeak, ordea, Eusko Jaurlaritzaren zain daude. Erantzun ofizialik oraindik ez den arren, «ebaluazio diagnostiko» modura izatea litekeena da, curriculum espedientea eragingo ez duen eran.













