‘Garbiketa’ hasi da
Ordizian Gerrako Batzorde Karlista eratu dute. Handik hasi dira beren esku eroritako Gipuzkoa gobernatzen. Konkistatutako herrietan alkate zein jarri junta hark erabakiko du. ...
Ordizian Gerrako Batzorde Karlista eratu dute. Handik hasi dira beren esku eroritako Gipuzkoa gobernatzen. Konkistatutako herrietan alkate zein jarri junta hark erabakiko du. Gipuzkoako Probintzi Diputazioa da eurentzat.
Errepublikak bere egitura eta ahalmen guztiak gerraren helbururako jarri dituen bitartean, matxino kolpezaleek erakutsi dute haientzat gerra tresna bat besterik ez dela: benetan helburu duten erregimen faxista ezartzeko modu bat.
Abuztuaren lehenengo astean Goierri barrenaldea —Oria ibaiaren arroa— erabat konkistatu ondoren, Gipuzkoako egitura politiko-militarra eratzeari lotu zaizkio matxinoak, segituan. Karlistek Ordizia hartu dute herrialdearen hiriburutzat. Abuztuaren 2an itzuli, eta egun gutxian Gipuzkoako «karlismoaren egoitza» bihurtu dute.
Ahalegin militarrerako 2.500 gizon dituzte, Orian behera oinak jarrita —Tolosa abuztuaren 11n hartu dute, Andoain 17an—, Goierriko lur okupatuetako erretaguardian hasi dira 40 urte baino gehiago iraungo duen erregimena gorpuzten.
Ordizian Gerrako Batzorde Karlista eratu dute, 1875eko uztailaren 7an Carlos erregegaiak foruei zin egin zien herri berean. Gipuzkoako Probintzi Diputazioaren funtzioak eta izaera eman dizkio bere buruari. Tradizionalismoaren aitapontekoek osatu dute junta.
Antonio Agirreren etxean jarri dute Diputazio probintziala eta Gobernu Militarra. Komandantzia Militarrean dira Pablo Erbiti teniente koronela, baita Goierri hartu duten tropen buruzagi Pablo Cayuela teniente koronela ere. Buenaventura Alegria komandantea da Komandantziako agintari gorena.
Comunion Tradicionalista alderdiko buru Fal Condek pare bat egun pasatu ditu Ordizian.
Gerra hotsak Goierritik urrundu dira, oraingoz. Egonkor dago eskualdeko bigarren frentea: Zegama-Segura-Mutiloa-Idiazabal-Beasain altxatuen aldetik, eta Itsaso-Ormaiztegi-Gabiria-Legazpi errepublikarren esku. Tiroketak eta sartu-irtenak sarri izaten dira, baina ofentsiba seriorik ez.
Abuztuaren 9an, Ordizian festa «ahaztezina» egin dute faxistek. Udaletxeko batzar aretoan Jesusen Bihotz Sakratua kokatu dute atzera, eta eskoletan Kristo gurutzean. Junta Karlistakoak, udalekoak eta militarrak han izan dira. Musika Bandak Oriamendi jo du, sutsu.
Junta Karlista, lanean
Goierri okupatuko eguneroko bizimodua, sozio-politikoki, Ordizian kokatutako Gerrako Batzorde Karlistak gobernatzen du. Konkistatutako herrietan, herriak demokratikoki aukeratutako udalbatzak desegin ditu, lehenengo neurri gisa. Junta Karlistak izendatuko ditu ordezkoak, bere esanekoak.
Lau herritan bakarrik mantendu dituzte lehengo alkateak: Araman, Gaintzan, Itsason eta Zegaman. Koalizio Kontrairaultzailekoak dira horiek, soka berekoak. Udal langile errepublikarrak, ezkerrekoak eta abertzaleak kalera bota dituzte; isunak jarri dituzte, maisu-maistrak kargugabetu dituzte (17 guztira Goierri osoan)…
Arlo militarra ez dute ahaztuta, hala ere. Goierriko 15 herritan errekete sailak osatu dituzte. Ehunka gazte armatu dituzte. Ordiziako erreketeak, Alvaro Etxezortu herriko buruzagiarekin, Murumendi aldean dira. Erreketeen kuartelean, egunero 150 pelaiok (gazteak) jasotzen dute instrukzio militarra.
Abuztuan eta irailean, ordiziarren artean diru bilketa egin dute: 42.000 pezeta eman dituzte (2016an 38.500 euroren balioa izango lukete).
Beasaingo CAFen «lanera» itzuli dira. Militarizatuta, hori bai. Eta matxinoentzat gerrarako bonbak, ibilgailu blindatuak eta munizioa ekoiztera.
Elizaren hierarkiaren bedeinkapena ere badu ‘altxamenduak’. Abuztuaren 6an, Gasteizko gotzain Mateo Mujika idiazabaldarrak eta Iruñeko gotzain Marcelino Olaetxeak Non licet (Ez da zilegi) pastorala argitaratu dute. «Kolaborazio euskotar-komunista» gaitzetsi, eta euskal abertzale katolikoei (EAJri) «Elizaren etsai amorratuekin» bat egitea leporatu diete. «Marxismoa edo komunismoa, munstro moderno hori, zazpi buruko piztia, herejia guztien sintesia» borrokatzeko, etsai komunaren aurka indar katolikoak zatikatzea ez dela zilegi diote gotzainek.
Irailaren lehenengo astean, Gipuzkoa osoa larritzen hasi da. Errefuxiatuen lehenengo olatua ihesean da: hil horretan 16.500 pertsona erbesteratu dira, ia 3.000 miliziar itsasoz ebakuatu dituzte, Kataluniara.
Abuztuaren 30etik irailaren 1era Irun-Behobiako muga 2.272 lagunek igaro dute Lapurdira, Santiago zubitik. Irun irailaren 5ean hartu dute faxistek, Hondarribia 6an. Donostia hiriburua dute dagoeneko helburu taktiko. Gipuzkoaren zoria erabakita dago, Errepublikaren zoritxarrerako.
Izugarrikeriak segitu du
Bien bitartean, gerraren gordina gogortzen ari da. Frankisten Cervera eta España gerraontziek Donostia lehenengo aldiz abuztuaren 13an bonbardatu dute. Faxistek fusilaketak etengabe egin dituzte, han-hemen.
Abuztuaren 21ean, adibidez, lau ordiziar fusilatu dituzte, Etxarrin: Inazio Eskisabel (38), Joxe Exposito (20), Sotero Jauregi (37), Antonio Murua (21).
Zumarragako Defentsa Batzordea Eibarkoaren barruan sartu dute, abuztuaren 24an. Goierri mendebala Errepublikaren esku dago oraindik, eta eremu hori gotortzea bihurtu da 1936ko iraileko lehenengo astean lehentasuna, ekialdeko frenteak hondoa jo duelako ia, Donostia noiz eroriko zain.
Euskal Armada izango denaren muina biltzen ari dira alderdiak
Faxistei aurre egiteko, gobernu autonomorik oraindik ez, eta alderdiek hartu dute antolaketaren ardura. Bakoitzak bere aldetik. EAJk Azpeitiko Loiola santutegian bildu ditu bere jarraitzaileak, Eusko Gudarostea milizia armatuan. Abuztuaren 12an prentsan deia: «Militarki antolatutako miliziak osatzeko izena eman duten afiliatu eta jarraitzaile guztiei, ezarritako ordenaren eta euskal askatasunaren zerbitzura gorputz antolatua eratuko dutenak, agintzen zaie norbere Herriko Batzordera joan daitezela, lehenbailehen». Goierrikoei Azpeitiara dei egin die EAJk: «Goyerri ta Kosta aldekoak aurreneko agindura Azpeiti’n biltzeko asmo osoz egon bear dezute».