Goierriko egoitza ireki du EH Bilduk Ordizian
Irailaren 25eko hauteskundeei begira, Goierriko EH Bilduk lokala inauguratu du Ordizian, Kale Nagusiko laugarren zenbakian. Atzoko azoka eguna aukeratu zuten inauguraziorako.
Maddalen Iriarte zen inaugurazioan parte hartzekoa baina Arnaldo Otegiri hautagai izateko debekuaren harira izandako agenda aldaketagatik ezin izan zuen Ordiziara etorri. Bere ordez, Igor Egurenek hartu zuen hitza. “Nahiko uda korapilatsuaren ondoren, asteartean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuen gure lehendakarigaia ez dela aurkeztuko edo ez dutela aurkezten utzi nahi. Helegitea ere ez dute aintzat hartu eta ez dute sartu nahi izan, aurkezten ez uzteko arrazoietan, jakinik arrazoi juridikorik ez dagoela”, esan zuen.
Era horretan, “beste behin, haien egitekoarekin eta beste batzuen isiltasunarekin, datozen hauteskundeak normaltasunez eraman nahiko dituzte batzuk, eta oso urrutira joan gabe oso gogoan dauzkagun ilegalizazio garaietara itzuliz. Alegia, edozein pertsonaren oinarrizko eskubideak urratuz eta kolektibo oso baten eskubideak urratuz”, gaineratu zuen EH Bilduko Ordiziako zinegotziak.
EH Bilduren lehendakarigaia Arnaldo Otegi dela nabarmendu zuen: “Lehenengo egunean, orain eta azken egunera arte mantenduko dugu, Arnaldo Otegi dela EH Bilduren lehendakarigaia. Hala zen, hala da eta hala izango da hauteskunde hauen amaiera arte”.
Otegiren esaldi batekin amaitu zuen inaugurazioa: “Egin irri, egin herri, ikastera goaz eta irabaziko dugu”.