Ataungo eta Legorretako Udalek bi herriotan izandako pintaketak gaitzetsi dituzte
Joan den astean Ataunen eta Legorretan agertutako kutxu faxistako pintaketak direla eta, bi herriotako udalek ohar bateratua atera dute, ekintza horiek “gogor” salatuz. Oharrak dioenez, “giza eskubideak urratu” dituzte, eta elkarbizitza lortzeko bidean, “elkar errespetatzea” ezinbestekoa dela azaldu dute.
Ataungo eta Legorretako Udalen oharra: “Azkenaldian pintaketa faxistak agertu dira Ataunen eta Legorretan, horma banatan. Ataunen, ‘Nazis Ataun’ idatzi dute, eta esbastika bat ondoan. Legorretan, berriz, ‘Legofacha’ idatzi dute, eta esbastika bat alboan. Ataungo Udalak eta Legorretako Udalak gogor gaitzesten dugu mezu faxista horiek kaleratu izana; izan ere, giza eskubideak urratu dituzte, eta, elkarbizitza lortzeko, ezinbestekoa da denok elkar errespetatzea. Gure auzo eta kaleetan ez dugu halako mezurik onartuko”.