Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu Lazkaon izango da bihar
Euskal musikagintzako gaur egungo talde nazioartekoenetako baten testigantza ekarriko du Lazkaora, bihar, Berri Txarrak taldearen gidari Gorka Urbizu Ruizek (Lekunberri, Nafarroa, 1977). Gerriko kultur elkarteak Hitz&Musik ekitaldira gonbidatu du. ...
Euskal musikagintzako gaur egungo talde nazioartekoenetako baten testigantza ekarriko du Lazkaora, bihar, Berri Txarrak taldearen gidari Gorka Urbizu Ruizek (Lekunberri, Nafarroa, 1977). Gerriko kultur elkarteak Hitz&Musik ekitaldira gonbidatu du. Hitza eta musika uztartuko dituzte, elkarrizketa eta saio akustiko labur batekin.
Ekitaldia bihar 18:30ean hasiko da, Lazkaoko Gerriko soziedadean. Ordu eta erdi iraungo du. Urbizuk Goierriko jatorria ere badu, aitaren aldetik.
Berri Txarrak rock taldea 1994an sortu zuten Urbizuk eta Aitor Goikoetxeak, Lekunberrin. Nahi ta Nahiez taldean zebiltzan. Aitor Oreja eta Mikel Lopez batu ziren, hastapenean.
Mundu osoan
22 urteko ibilbidea oparoa izan du Berri Txarrakek, eta mundu osoan jo du. Zortzi disko, bilduma bat eta dokumental bat argitaratuak ditu. Irailaren 21etik 25era Alemanian eta Suitzan biran ibiliko da. Aurrez, Lazkaon azalduko ditu Urbizuk bere eta taldearen kontuak, bihar.













