Beasaingo azokan izan dira PSE-EEko kideak hauteskundeetako proposamenak zabaltzen.
PSE-EEko kideak Beasaingo azokan izan dira irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako mezuak eta proposamenak zabaltzen. Beasaingo Alfonso Segaderen eta Ordiziako Iñaki Dubreuilen ondoan izan da Gipuzkoako bigarren hautagaia den Eneko Andueza eibartarra.
Anduezak adierazi duenez, “pozik eta gogoarekin gaude, gure proposamenak kaleratzeko”. Proposamen horien artean dago, “agenda sozial sendo eta zehatz bat” martxan jartzea: “Enplegua sortzeko eta sustatzeko oso agenda handia daukagu. Agenda sozial hori martxan jarri nahi dugu, berdintasunean eraikitzeko Euskadi bat nahi dugulako”. Sozialistek ez dute nahi “elkarren aurka ari diren herritarrek osatutako Euskadi bat. “Baizik eta denak batuta oraingo arazoak eta etorkizuneko arazoei aurre egiteko proposamenak ditugu”.
Atzo PSE-EEk sare sozialetan zabaldu zuen euskararen inguruko bideoaren inguruan zabaldu zen eztabaida dela eta argi utzi nahi izan du, sozialisten “apustu finkoa” izan dela “beti euskararen alde egitea eta horretan jarraitzen dugu”. Baina, “Administrazioan sartzeko eskatzen diren postu zehatz batzuetarako eskatzen diren perfil batzuk berrikustea eskatzen dugu. Bideoa? Bideo bat da, bideo elektoral bat. Bideoetan beti gertatzen den moduan pixka bat exageratzen da, baina esaten duguna da, postu batzuetarako gehiegizkoa dela perfil batzuk eskatzen direla. Gure programan proposamen asko ditugu euskara sustatzeko, euskara bermatzeko eta euskararen alde egiteko. Euskaditik kanpo ere euskara ere ezagutzeko, eta bertako jendeak ahal den eta gehien ikasteko eta berba egiteko”.