Xabier Matarranz, Ekaitz Goienetxea, Xabier Mendiguren eta Joxe Begiristain gaur, Donostian.
Miarritzen jaio eta Bermeon bizi den Ekaitz Goienetxea idazleak jaso du XIX. Igartza Saria,
Karramarroa trostan izeneko eleberri proiektuarekin. Kazetaritzan lizentziatua da Goienetxea, eta tabernari eta kultur programatzaile lanetan aritzen da. Literatur munduan hainbat lan egindakoa bada ere, ez du bakarkako libururik argitaratu orain arte.
Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko antolatutako beka da Igartza Saria. Hemeretzigarren deialdi honetan, bederatzi lan aurkeztu dituzte, eta epaimahaiko kideek (Ana Jaka, Igor Estankona eta Peru Magdalena) Goienetxearen lana hautatu dute. Orain, urtebeteko epea izango du proiektuari forma eman eta gauzatzeko.
Karramarroa trostan eleberri proiektuak, egungo eta 80ko hamarkadako pertsonaiak uztartzen ditu. Istorioa Bizkaiko itsasertzeko herri batean dago girotuta, eta gaurko gazteen zein haien gurasoen belaunaldiaren kezkak eta arazoak landuko ditu. “Ahots desberdinen polifonia” moduko bat osatuz, “bizitzaren gorazarrea” izan nahi du narrazioak.