25 urte txistuaren edertasuna aldarrikatzen
Urretxuko jaietan aspalditik antolatzen da txistularien kontzertua. Hasieran txistulariek bakarrik jotzen zuten. 1990eko hamarkadaren hasieran ekitaldiak ikusle gutxi erakartzen zituen eta txistulariek herriko gainontzeko musikariak gonbidatzea erabaki zuten. Ekimenak arrakasta
Urretxuko jaietan aspalditik antolatzen da txistularien kontzertua. Hasieran txistulariek bakarrik jotzen zuten. 1990eko hamarkadaren hasieran ekitaldiak ikusle gutxi erakartzen zituen eta txistulariek herriko gainontzeko musikariak gonbidatzea erabaki zuten. Ekimenak arrakasta izan zuen eta txistularien kontzertua jaietako ekitaldi nagusietako bat bilakatu da. Aurten aro berriaren 25. urteurrena ospatuko dute.
Kontzertua 23:00etan izango da larunbatean, Iparragirre plazan. Urretxuko txistulariekin batera, Zumarraga, Beasain, Lazkao, Hondarribi eta Oñati eta Ondarroakoek joko dute. Goiargi abesbatza, Secundino Esnaola musika eskolako haurren abesbatza, Gorobel metal boskotea, Lurra eta Irrintzi dantza taldeak, Edurne Iturbe trikitilaria eta Zuhaitzaren Soinua Kolektiboko txalapartariak ere gonbidatu dituzte.
Hamahiru kanta joko dituzte. Urteurrena dela eta, lehen alardeetan jotzen zituzten bi kanta joko dituzte. Ez dok amairuren 50. urteurrena, Iñaki Beitiaren heriotzaren 20. urteurrena eta Donostiaren hiritartasun kulturala ere gogoratuko dituzte.