Gorka Urbizuren musika esperientzia Lazkaon
Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu lekunberritarrak musikaren barne-muinak aurkeztu zituen, atzo arratsean, Lazkaon. Gerriko elkartea entzulez leporaino bete zen, gehienak gazteak ziren. Ordu eta erdiz, Berri Txarrakekin 1994an hasitako ibilbidea, letren poetikotasuna, kantuen sorkuntza, talde gogokoenen eragina, Peiremans eta Katamalo taldeen izatea eta izaera, eta hamaika kontu gehiago xehetu zituen. Aitor Artza musikazale lazkaotarrak egin zion elkarrizketa.
Bukaeran, gitarra soilarekin, sei abesti kantatu zituen. Datorren astean Alemaniara eta Suitzara joango da Berri Txarrak, Denbora da poligrafo bakarra diskoaren biraren azken txanpari ekiteko. Urte bukaeran, berriz, Brasilen, Argentinan eta Txilen dituzte kontzertuak, The Descendents talde kaliforniarraren atariko aritzeko.