Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak Ezkio-Itsasoko Udalari eman dio arrazoia. Hortaz, galdeketa igandean egingo da.
Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAE Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak,
helegitea jarri zion Itsason egitekoak diren herri galdeketari. Galdeketa bertan behera uzteko eskatu zuen, astelehenean. Ezkio-Itsasoko Udalak apelatu egin zuen Urkijoren helegitea, atzo, eta gaur eguerdian jaso dute Gipuzkoako Auzitegi Probintzialaren erantzuna: Urkijoren helegitea bertan behera geratzen da. Hortaz, aurrikusitako baldintzetan eta datan egingo da galdeketa, igandean.
Urkijoren argumentu nagusia hauxe zen: galdeketa udalak antolatu duela. Igandeko galdeketa, ordea, Aldundiak antolatu du, eta argumentu horixe erabili du Ezkio-Itsasoko Udalak helegitearen aurka egiteko. Auzitegiak udalari eman dio arrazoia.
Imanol Lasaren balorazioa
Imanol Lasak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak, honela baloratu du auzitegiaren erabakia: “Gaur ezagutu dugun epaiak agerian uzten du igandean egingo dugun galdeketak berme legal eta demokratiko guztiak betetzen dituela. Epaiak esaten du Aldundiak zilegitasun osoa duela galdeketa antolatzeko. Urkijoren helegitearen atzean, guztiz demokratikoa den prozesua oztopatzeko borondatea dago. Zorionez ez du ondoriorik eduki bere jarrerak”.
Itsasoko galdeketari buruz, berriz, honakoa esan du: “Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat albiste oso ona da, galdeketa egin egingo delako eta igandean itsasoarrek izango dutelako hitza. Beraiei dagokie erabakitzea udalerri berria eraikiko duten, Gipuzkoako 89.a, edo Ezkiorekin batera jarraituko duten. Egun handia izango da, gauzak txukun eta lankidetzan oinarrituta egin direlako, herritarren, udalaren eta Aldundiaren artean”.
Galdera: ‘Nahi al duzu Itsaso berriro udalerri izatea?’
Igandeko galdeketan, galdera honi erantzun beharko diote itsasoarrek:
Nahi al duzu Itsaso berriro udalerri izatea?. Bi erantzun posible izango dira:
Bai eta
Ez. 09:00etatik 20:00etara izango dira irekita boto kutxak, Itsasoko Ostatuko bigarren solairuan. Galdeketaren emaitza ez da loteslea, baina Aldundiak herritarren nahia errespetatzeko konpromisoa hartua du.