Euskal familiek elikaduraren inguruko kezka berriak dituzte, eta bertan ekoitzitakoa, garaian garaikoa eta bitartekaririk gabe kontsumitzea nahi dute. Basherri kontsumo taldeen filosofia da hori.
Elikaduraren subiranotasunean, hau da, herritarrek zer jan nahi duten erabakitzeko eskubidean oinarrituta sortu ziren duela urte batzuk kontsumo taldeak, Basherri izeneko egitasmoaren barruan. Bitartekorik gabe, baserrian ekoitzitakoa kontsumitzaileari otar edo lote baten bidez helaraztean datza kontsumo talde horien oinarria.
Gertuko baserritarrak bere baratzean bildutako garaian garaiko barazkiak edo berak hazitako oiloaren arrautzak edo ganaduaren haragia jasotzen dute astero-astero kontsumo taldeetako kide diren hainbat eta hainbat familiak. Hitzordua jartzen dute horretarako bi alderdiek. Otarrak aurrez zehaztutako orduan eta lekuan banatzen dituzte. Hilean behin ordaintzen diote kontsumitzaileek baserritarrari zerbitzua, otarraren osaketaren araberako kuoten bidez.
Gipuzkoan horrelako 60-70 kontsumo talde daude, eta horietako zortzi Goierrikoak dira. Legazpin, Urretxun, Zumarragan, Ordizian, Beasainen, Ataunen, Seguran eta Lazkaon daude. Horien atzean, beste hainbat ekoizle edo baserritar daude, batzuk zigilu ekologikoarekin produzitzen dutenak.
Kontsumo taldeen topaketa, Beasainen.
Lekuko ekonomiaren alde
Bi alderdi dituzte kontsumo taldeek: batetik, baserritarra edo ekoizlea eta, bestetik, familiak edo kontsumitzaileak. Bi alderdien arteko harreman zuzena, konfidantza eta konpromisoa ezinbestekoak dira.
Kontsumitzaileak bere hornitzailea ezagutzen du, baita bere baratzea edo ustiategia ere, eta horrek kalitatezko produktuak helarazten dizkio. Hor dago bere aldetik konpromisoa: asteroko hitzorduari hutsik egin gabe, otarrak hornitzea modu arduratsuan ekoitzitako produktuekin; kontsumitzaileak astero jaso behar du otarra, gutxienez urte betean.
Modu horretara, bertako nekazaritza bultzatzen da, lekuko ekonomiaren aldeko apostua eginez. Baserritarrek prezio duinetan lan egitea lortzen dute, bere ekoizpenaren salmenta ziurtatuta dutelako. Kontsumitzaileek, bere aldetik, prezio egokitan jasotzen dituzte otarrak, garaian garaiko barazkiez eta frutez, haragiaz, ogiaz, jogurtez, zukuez, arrautzez… beteta.
Eredu ekologikoa
Basherri kontsumo taldeek, gainera, ekoizteko eredu ekologikoa bultzatzen dute. Goierrin, esaterako, hornitzaileen artean badira zigilu ekologikopean ekoizten dutenak: Legazpiko San Migel, Ataungo Baindi edo Itsasoko Urteaga dira horietako hiru.
Ez dira, ordea, Goierrin produktu ekologikoen ekoizpena duten bakarrak. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak hamasei ziurtagiri emanda ditu eskualde osoan, eta horiek, dagokien etiketa erabil dezakete beren produktuetan.
GOIERRIKO PRODUKTU EKOLOGIKOEN EKOIZLEAK
Ataun
· Baindi. Intxaurrak, Sagarra, Barazkiak.
· Ustatxo Iparra. Ardi gazta.
· Espilla. Barazkiak, Arkumea..
Ezkio-itsaso
· Goiti. Ogia.
· Hariztizabal. Sagar zukua, Ogia, Sagarra.
· Urteaga. Madaria, Marmeladak, Sagarra, Kiwia, Barazkiak, Behi haragia.
Idiazabal
· Arimasagasti Berri. Behi gazta.
Legazpi
· San Migel. Barazkiak.
Legorreta
· Urkiaran. Barazkiak.
Olaberria
· Bengoetxe. Txakolina.
· Etxeberri Goikoa. Behi esne gordina, Behi haragia.
Segura
· Lizardo Etxea. Arkumea
Urretxu
· Labeaga. Propolioa, Eztia.
Zegama
· Altzibar. Sagarra, Barazkiak
· Altzukaran. Madaria, Intxaurrak, Sagarra, Barazkiak, Fruitu txikiak, Bertako fruta.
Zumarraga
· Agerre. Urrak, Gereziak, Kiwia, Sagarra, Muxikak, Intxaurrak, Madaria.