Orleans: etorkizuneko karrozagileen kuadrilla
Orain arte kanpotik bizi izan dute Urretxuko Euskal Jaia Orleans kuadrillako neska-mutilek. «Anai-arrebak, lehengusuak, ezagunak… ikusi izan ditugu beti karrozen desfilean parte hartzen, ...
Orain arte kanpotik bizi izan dute Urretxuko Euskal Jaia Orleans kuadrillako neska-mutilek. «Anai-arrebak, lehengusuak, ezagunak… ikusi izan ditugu beti karrozen desfilean parte hartzen, eta hala, guk ere esperientzia hori bizitzeko gogoa izan dugu beti», esan du Irati Uribesalgo, kuadrillako kideak. 17 urte inguruko 34 kidek osatzen dute Orleans kuadrilla, «33 neska eta mutil bakarra gara», zehaztu du.
Aurten irtengo dira lehenengoz bi hilabetez eraikitzen egon diren karrozaren atzean. Festa eguna modu berezian bizitzeko gogoa ez zaie falta, egindako lan gogorraren osteko ordaina izango da. Guztira 13 kuadrillek hartuko dute parte aurtengo desfilean.
Barne antolaketa
Gazteak dira, baina karroza bat egiteko gai ikusi dute aurten euren burua. Izan ere, «ideiak kudeatzeko, diruaren gastua kontrolatzeko, uneren batean pentsatutako hori aldatzeko, beharrezkoa da heldutasun puntu bat izatea. Orain arte gazteegiak ginen agian», dio. Lehenengo urtea izaki, karroza eraikitzea «lan gogorra» suertatu zaie. Zailena, diote, barne antolaketaren gaia izan da. «Guztiok dena egiten saiatu gara, eta azkenean batak bestearen lana oztopatu dugu». Euren arteko komunikazio falta izan da, Uribesalgoren ustez, aurtengo akats nagusietako bat. Gainera, kuadrilla gehientsuenetan gertatzen den bezala, badira ordu gehiago edo gutxiago sartu dituztenak hemen ere: «Batzuk ez dira behar bezain beste inplikatu, ez dute lana guztiz serio hartu».
Kuadrilla bakoitzak diru jakin bat izaten du karroza egin ahal izateko, udaletxeak emanda. Dirua ondo kudeatzea ere bada, hortaz, kuadrilla bakoitzaren ardurapean geratzen den gaietako bat. «Diruarekin justu antzean ibili gara aurten. Zenbait gauza behin baino gehiagotan egin behar izan ditugu, lehenengoan nahi bezala atera ez zaizkigulako», aitortu dute.
Materialak ezagutuz
Kuadrillako gehienentzat ere aurten izan da igeltsua, goma-aparra edo sareak bezalako materiala erabili behar izan duten lehendabiziko aldia. «Ikastaro bat egin genuen materialak nola erabili ikasteko. Askorako balio izan digu, baina hasieran beldurra ematen zigun zerbait egiten hasi eta gaizki ateratzeak. Ikusi dugu, dena den, eginez ikasten dela», gehitu dute.
Karroza gainean irudikatu beharreko gaia aukeratzea, aldiz, ez da Orleans kuadrillarentzat buruhauste handiegia izan. «Iaz 1. Batxilergoan aritu zirenek fracking-aren gaia landu behar izan zuten Mundu Garaikideko Zientziak irakasgaian, eta gai egokia iruditu zitzaigun gure karrozarako». Beste kontu bat izan da ordea, ideiari gorputza eman eta nola irudikatu asmatzea: «Publikoarengana nola iritsi asmatzea ez da erraza, eta horrek eman digu lan bat baino gehiago». Karroza bat egiteak lan handia du, ordu asko sartu beharra dakar eta Orleansekoek garbi daukate kanpotik eta barrutik oso ezberdin ikusten direla gauzak.
Aldarrikapenerako unea
Euskal Jaietako karrozek beti izan dute aldarrikapen kutsua. Eta gaur egun ere karrozak ideiak aldarrikatzeko, bistaratzeko erabiltzen dira. Hori bai, jorratzen diren gaiak aldatu egin dira denborarekin. Garai batean gai gehientsuenak politikarekin edo kultur aldarrikapenekin lotzen ziren. Gaur-gaurkoz, gaiak orokorragoak izaten dira, «gizartean pil-pilean dauden gaiak», normalean. Gaur egungo gazteei eragiten dietenak, finean.
Karrozak festarako aitzakia ona dira, baina hori baino askoz gehiago ere badira. Asko ikasteko ere balio du esperientziak, adibidez, ez soilik materialen kudeaketan, baita elkarren arteko harremanetan sakontzeko ere. Karrozagileen artean izan duten giro ona nabarmendu nahi izan dute: «Elkarri laguntzen aritu gara, eta jende berria ezagutzeko ere balio izan digu». Lehenengo urtea izanik, lehiaketa irabaztea baino, «ondo pasatzea» dute helburu. «Aste hauetan guztietan galdutako energia egun bakarrean xahutzea», horixe da etziko espero dutena.