Imanol Lasa Aldundiko bozeramailea Itsason izan da, babesa eskaintzen, eta herritarren borondatea errespetatuko dutela berretsi du.
Bi itsasoar botoa ematen. / Arg.: Maialen Igartua
Egun handia dute gaur Itsason. Desanexio prozesuari amaiera emateko, herri galdeketa dute. 09:00etan ireki dituzte boto kutxak, ostatuaren bigarren soilairuan, eta 20:00 arte egongo dira irekita. 12:30erako, 73 lagunek zuten botoa emana, %52ak (140 lagun daude botoa ematera deituak). Galdera honi erantzun behar diote, baiezkoarekin edo ezezkoarekin:
Nahi al duzu Itsaso berriro udalerri izatea?.
Imanol Lasa Itsason izan da
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du galdeketa. Imanol Lasa bozeramailea Itsason izan da 10:00etan, herritarrei animoak ematen eta galdeketari babesa eskaintzen. Pilare Muxika itsasoarraren hitzetan, Lasak adierazi du
gaurko galdeketaren emaitza baiezkoa bada Aldundiak ahal bezain pronto ahalbidetuko duela Itsasoren desanexioa.
Mahaiko lehendakaria Iñaki Elizegi da, Aldundiko Herritarren Partaidetzarako teknikaria. Martin Iparragirre udaleko kontu hartzaileak eta bi itsasoarrek osatzen dute mahaia.