Bihar hasiko da Beasaingo Garagardo Festa
Bihar hasi eta igandera bitartean, Garagardo Festa egingo dute Beasainen, euskal preso politikoen eskubideen alde. Aurreko edizioen bide beretik, 30 garagardo mota probatzeko aukera izango da. Berrikuntza moduan, euskal garagardoak presioan ez ezik, botilan erosteko aukera izango da aurten. Hala, Zerb, Boga, Akerbeltz eta Naparbier garagardoak, probatu ez ezik, etxera eramateko aukera izango du nahi duenak. Bertako garagardoez gain, Alemania, Belgika, Txekia, Holanda, Irlanda edota Galizako garagardoak ere izango dira.
Salneurriak iazko berdinak izango dira, ez baitituzte prezioak igo. Hala, garagardo bakoitza 3,50 euroan salduko dute eta pitxarra 2,50 euroan. Horrez gain, ukondoa, saltxitxak, oilasko hegoak, patatak eta postrea eskainiko dituzte; bi lagunentzako menua berriz, 26 euro kostako da.
Azoka bihar hasi eta igandera arte egongo da zabalik, 18:00etatik 01:00etara, Loinazko San Martin plaza azpian.
Musika saioak Arrano tabernan
Garagardo Festarekin batera, musika ere izango da asteburuan Beasainen, Arrano tabernan. Ostiralean, Olarius&Brothers rock DJak ariko dira, 23:30etik aurrera. Larunbatean berriz, El Conquistador telebista saioko DJ Txispi ariko da, ordu eta toki berean.