Datorren astelehenean Norma operaren bertsio moderno bat emango dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan, zuzenean Londresko Royal Opera Housetik. Bertsio honen muntaia La Fura dels Baus talde kataluniarrak egin du. Emanaldia
Datorren astelehenean Norma operaren bertsio moderno bat emango dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan, zuzenean Londresko Royal Opera Housetik. Bertsio honen muntaia La Fura dels Baus talde kataluniarrak egin du.
Emanaldia atzo aurkeztu zuten, Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Urretxu eta Zumarragako operaren lagunek parte hartu zuten. Mikel Lizarralde izan zen hitza hartzen lehena. «Norma tragedia liriko bat da. Musika Vincenzo Bellinirena da eta testua Felice Romanirena. Alexandre Soumet-en Norma, ossia l’infanticidio tragedian oinarritua dago eta Milanen estreinatu zuten 1831n».
Opera honetako Casta Diva aria ezagunenetako bat da. «Opera honetako melodiak luzeak, dramatikoak, apainduak eta oso emozionalak dira. Casta Diva sopranoentzat konposatu den aria ezagunenetako bat da eta lehen mailako sopranoak bakarri izan dira behar bezala abesteko gai: Maria Callas, Joan Sutherland eta Montserrat Caballe, adibidez».
Istorioari dagokionez, jatorrizkoa druiden eta erromatarren garaian girotua dago eta bi maitale dira protagonistak.
Astelehenean Zumarragan ikusi ahal izango den muntaia, berriz, gaur egun dago girotua. Izan ere, Norma operaren gaiek gaurkotasun osoa dute: maitasuna, desamodioa, jelosia, fanatismoa…
Bertsio hau hilaren 12an estreinatu zen eta, Jabier Arratibelek esan zuenez, oso kritika onak jaso ditu. Asteleheneko emanaldia 20:15ean hasiko da. Sarrerak asteburuan jarriko dituzte salgai. Zine emanaldietako ordutegian erosi ahal izango dira, 10 euroan. Astelehenean ere salgai jarriko dituzte, 12 euroan.
Denboraldi honetarako hamar emanaldi programatu dituzte. Zazpi Royal Opera House aretotik emango dituzte zuzenean: sei opera eta ballet bat. Bi diferituan izango dira: opera bat eta ballet bat. Azken bi hauek abenduan eta maiatzean izango dira, baina eguna ez dute oraindik zehaztu. Bestalde, apirileko ekitaldia ez dute zehaztu oraindik. Aste Santuarekin zerikusia duen emanaldi baten bila ari dira.
Opera denboraldia:
· Irailak 26. Norma.
· Urriak 17. Cosi fan tutte.
· Azaroak 15. Hoffmanen ipuinak.
· Abendua. Intxaur-hauskailua (balleta).
· Urtarrilak 31. Il trovatore.
· Otsailak 28. Basoko loti ederra.
· Martxoak 30. Madame Butterfly.
· Apirila. Zehaztu gabeko kontzertua.
· Maiatza. I puritani.
· Ekainak 28. Otello.