«Gizarteak desilusio handia du medikuntza ofizialarekiko»
Goierriko Ekologia hamabostaldia dela eta, osasunaren inguruko ikastaroa emango du bihar Maider Sarasolak. Gemoterapian eta sendabelarretan aditua da Sarasola, eta Ordiziako ...
Goierriko Ekologia hamabostaldia dela eta, osasunaren inguruko ikastaroa emango du bihar Maider Sarasolak. Gemoterapian eta sendabelarretan aditua da Sarasola, eta Ordiziako D’elikatuz zentroan gidatuko duen jardunaldiak Zazpi harri, zazpi kolore izenburua du.
Noiz eta nola sartu zinen gemoterapia eta sendabelarren mundu honetan?
Nire etxean, ni txikia nintzela, erremedio natural asko erabili izan dira. Sendabelarrak asko erabiltzen genituen katarro, sinusitis eta bestelakoak sendatzeko. Gainera, gertuan banuen Josemari izeneko gizon bat, niretzako aitona bat bezala zena. Sendabelarrak jasotzeko ohitura zuen eta ukenduak egiten zituen. Niri mundu hark asko erakartzen ninduen. eta pixkanaka-pixkanaka sendabelarrak jasotzen hasi nintzen ni ere.
Hortaz, sendabelarrekin hasi zinen.
Bai. Hala ere urte asko pasa nituen gehiegi sakondu gabe. Nire aita gaixotu baino lehen berriz ere hasi nintzen interesatzen. Lagun batekin ikastaro bat egitera joan nintzen Biarritzera. Ikastaro hartan hainbat adituk ematen zizkiguten klaseak, haien artean Oiartzungo Marabi baserriko bikiek. Haiek zuten erakusteko modua ikaragarri gustatu zitzaidan. Ez zituzten landareen izen teknikoak erabiltzen. Eta horrela hasi nintzen berriz ere.
Aita gaixotu zenean –biriketan likidoa pilatu zitzaion–, medikuntza ofizialean konfidantza gehiegi ez nuenez, eta nik ere nolabait laguntzeko gogoa nuenez, ikastaro hartan ezagututako biki haiengana jo nuen. Berbena eta pasmo-belarrarekin probatzeko esan zidaten eta hala egin nuen. Belarrak egosi eta haiekin egindako infusioa eramaten nion. Egun batetik bestera hobera egin zuen.
Sendabelarrek sendatu egiten al dute?
Batetik bai, nahiz eta kontziente izan behar dugun heriotza hor dagoela. Bestalde, uste dut sendabelarrek funtzio asko dituztela. Beti ere, sendatzen lagundu ahal digute. Baina gaixotasunaren jatorria ikertzea ezinbestekoa da.
Emozioek ere eragin handia dute gugan, eta batzuetan horiek dira gaixotzen gaituztenak. Gorputza zerbaiten inguruan ohartarazten ari zaigu gaixotzen garenean. Aitarekin ere sendatu beharreko gauzak nituen, eta ZIUtik (Zaintza Intentsioen Unitatea) atera zenean asko ireki zen nirekin. Emozioak eta sentimenduak askatzeak ere sendatzen gaitu.
Sendabelarren sendatze indarrarekin kontziente al gara?
Geroz eta gehiago. Jendeak, orokorrean geroz eta desilusio handiagoa du medikuntza ofizialarekin. Sendabelarren erabilpenaren inguruan, arbasoekin alderatuta egun asko galdu den arren, jendeak geroz eta interes handiagoa du.
«Etxean, txikia nintzela, erremedio naturalak asko erabiltzen ziren sendatzeko»
«Sendabelarrek funtzio asko dituzte; sendatzen lagundu ahal digute»
«Harribitxiek, desoreka zuzentzen eta harmonizatzen lagun dezakete»
Medinkuntza ofiziala?
Bai, beste batzuentzat medikuntza tradizionala dena. Niretzat medikuntza tradizionala Lurrak ematen didan hortatik datorrena da; belaunaldiz belaunaldi erabili dena, tradizioz erabili dena. Sendabelarrak eta harriak, alegia.
Medikuntza ofizialarekin askotan ez da emaitzarik lortzen Jende askori entzun izan diot: «Ez didate bilatzen zer dudan!» Nola jakingo dute ba, askotan medikuari tripako mina duzula esan eta ukitu ere ez zaitunean egiten? Tripako min hori arrazoi askogatik etor daiteke, baina pilula batekin dena konponduko dutela uste dute.
Zergatik gertatzen da hori?
Interesak alde batetik, eta desinteresak bestetik. Farmazia industriaren interesak batetik, eta sendatu behar zaituen medikuaren desinteresa bestetik. Gizatasun falta handia dago.
Gemoterapiari dagokionez, nola hasi zinen?
Txikitatik izan dut harriak biltzeko ohitura handia: bai itsasoan, bai mendian…edonon! Kiloak eta kiloak bildu ditut urteetan. Erakartzen nauen zerbait dute.
Horretaz gain, misiolari ibilitako izeba moja batek harriak oparitzeko ohitura zuen. Malakitak ekartzen zizkidan, ‘la que todos los males quita’. Eta horrela hasi nintzen.
Zertarako eta nola erabiltzen dira harri bitxiak? Zer da gemoterapia?
Osatze teknika gisa definitzen da. Zenbait kristal eta harri bitxiren (koartzoa eta amatista, adibidez) bibrazio energetikoa erabiltzean datza. Helburu nagusia defentsa sistema indartzea da. Horretarako, energia fluxu zuzena berrezartzen da.
Zenbaitek harri bitxia esku batean hartu eta beste eskua osatu behar den gorputz atalean ezartzen dute. Beste batzuek, aldiz, harria mindutako gunean edo gorputzeko zazpi chakren gainean ezartzen dute. Chakra gune bakoitzak edo bizkarrezurreko zirkulazio gune zehatzak kolore bat du bereganatua. Hortaz, terapia honetan argi mota zehatz bat modulatzen duen harria aukeratzen da gaitza osatzeko. Honela, desoreka zuzendu eta harmonizatu egiten da.
Horregatik jardunaldiaren izena? Nondik nora joango da?
Bai, badu horrekin zer ikusia; Zazpi harri, zazpi kolore. Hartu- emaneko solasaldia izango da. Infusio eta lore gailetekin goiza gozatzeko aukera bat. Solasaldian parte hartzen dutenen jakinminak emango dio norabidea jardunaldiari.