EAJ izan da bozkatuena Goierrin, EH Bilduri mila botoko aldea aterata
EAJk irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak, bai Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta baita Goierrin ere. Eskualdean alderirik bozkatuena izan da jeltzaleena, nahiz eta 2012tik hona 110 boto galdu dituen. Galera handiagoa izan duena, EH Bildu izan da, 2012an baino 1.400 boto gutxiago jaso baititu. Hala ere, eskualdeko bigarren indarra da, 11.506 botorekin, eta Espainiako Kongresurako deialdian izandako boto galera errekuperatu egin du.
Elkarrekin-Ahal Dugu koalizioa ere indartsu sartu da, nahiz eta Espainiako Kongresurako hauteskundeen aldean, emaitza apalagoak izan dituzten. 4.204 boto jaso dituzte, eta hori, gainontzeko alderdi guztiek izan duten boto galeran antzeman da. Izan ere, PSE-EEk 2.400 boto galdu ditu eskualdean, eta PPk ia 300. Ciudadanosek jaso duen babesa ere oso apala izan da, 321 boto Goierrin.
Herriz herriko emaitzei begiratuta, herririk handienetan ere EAJ izan da nagusi, hala nola Beasainen, Zumarragan, Ordizian, Urretxun eta Legazpin. Zumarragan EAJk aurrea hartu dio PSEri, eta Ordizian, lehia estua izan da EAJren eta EH Bilduren artean. Lazkaon aldiz, EH Bildu izan da bozkatuena, baita herri ertain askotan ere (Ataun, Segura, Zaldibia, Zegama…); Idiazabalen, Ormaiztegin eta Olaberrian, berriz, EAJk jaso du boto gehien.
Partehartzeari dagokionean, zeraindarrak izan dira, beste behin, kopururik handiena lortu dutenak, %82,28ko portzentaiarekin. Haren atzetik, baina zerrendaren goikaldean daude Zaldibia (%75,28) eta Ataun (%73,7). Abstentziorik handiena izan dutenen artean berriz, Zumarraga eta Beasain izan dira parte-hartzerik apalena izan dutenak, hurrenez hurren, %61,35 eta %62,19ko portzentaiekin.