Iluntzeko osoko bilkura. Argazkia: Udala
Legorretako Udalean ordezkaritza duten bi alderdiek -EH Bildu eta EAJ- hondakinen bilketa sistema berria adostu dute. Gaur iluntzeko osoko bilkuran sinatu dute akordioa bi aldeek. Horrenbestez, atez ateko bilketa utzi eta edukiontzi bidez jasoko dituzte zaborrak hemendik aurrera. Gainera, akordio hori berresteko herritarrei galdeketa egiteko asmoa dute.
Zelai Amenabarro alkateak azaldu duenez, egun gaikako hondakin bilketa kopurua %68koa dute, eta “datu hori hobetzea” da akordio honen helburua. Akordioa lortzea “asko kosta” dela azaldu dute, baina “aurrerapausoa” dela eta “denon onerako” izango dela uste du alkateak. “Denok ados jarrita, egoera hau konpontzea espero dugu”.
Akordioak jasotzen duenaren arabera, hondakin guztiak edukiontzi bidez jasoko dituzte. Hala, beira, papera eta plastikoa edukiontzi irekietan bota beharko dira; organikoa eta errefusa, aldiz, txipa duten edukiontzietan. Edukiontzi grisa, errefusarena, astean behin bakarrik erabili ahal izango da. Horiez gain, pixoihalentzako ontziak jartzea ere aurreikusten dute.
EH Bilduk eta EAJk sinatutako akordioa, herri galdeketa bidez berretsi nahi dute bi aldeek. Aurrena Madrilera baimena eskatu eta haien onespena jaso behar da. Hala ere, galdeketa “urtea bukatu aurretik” egin nahi dutela azaldu du Amenabarrok.