Nekolalde kalea.
Beasaingo Udaleko gobernu batzordeak gaur onartu ditu Ezkiaga auzoan eraikiko diren bi igogailuen obren esleipenak eta Nekolalde kalea berrubanizatzeko obren kontratazioa.
Ezkiagako pilotalekuan eraikiko duten igogailu publikoa Construcciones Artzamendi S.A. enpresak egingo du. Hiru hilabeteko epea eta 76.277,07 euroko aurrekontua du lanak burutzeko.
Zazpiturrietako igogailuaren kasuan, Contrucciones Otegui Gaztañaga enpresari esleitu dizkiote obrak. 263.627,93 euroko aurrekontua eta 4 hilabeteko epea izango dute. Kasu honetan, berarekin urbanizazio osagarria egiteko obrak ere hartuko ditu beregain.
Nekolalde kalearen berrurbanizazio lana ere enpresa berak egingo du, Otegui Gaztañagak. 362.775,81 euroko kostua izango dute, eta bost hilabeteko epean burutu beharko dituzte lanak. Nekolalde kalean, saneamendu sarea eta kale argiztapena hobetuko dituzte. Horrekin batera, irisgarritasuna hobetzeko eta aparkaleku kopurua handitzeko, zoru guztia altuera berean jarriko da.
EAJk eta PSE-EEk hiru esleipenen aldeko botoa eman dute; EH Bildu abstenitu egin da igogailuen kasuan.