1936ko gerra gaitzetsi eta biktimak oroitu dituzte Legazpin
Aho batez onartu dute EH Bilduk 1936ko altxamendu frankista gaitzesteko aurkeztutako mozioa
Legazpiko Udalak asteazken iluntzean egindako osoko bilkuran1936ko gerrako biktimak izan zituen gogoran, EH Bilduk altxamendu frankista gaitzesteko aurkeztu zuen mozioaren harira. Sagrario Etxabe zinegotziak irakurri zuen mozioa, eta amaieran, 36ko gerrako eta ondorengo diktadura urteetako bizktima legazpiarren zerrenda irakurri zuen, guztira 74 herritar. Udalbatzako kide guztiak altxa egin ziren zerrenda irrakurri ondoren, eta minutu bateko isilunea egin zuten hildakoen oroimenean. Une hunkigarria izan zen. Koldobike Olabide alkateak, gainera, zerrendako bi kide bere familiakoak zirela esan zuen: Fernando eta Pacificio Irastorza Etxeberria.
Asteazkenean onartutako mozioaren bidez, udalak konpromisoa hartu du diktadura frankistaren biktimak eta senitartekoak babesten jarraitzeko, eta erregimen frankistaren inolako legitimaziorik ez onartzeko. Era berean, frankismoaren aurka salaketa jartzen duen edozein herritarri laguntza material zein juridikoa eta aholkularitza eskaintzeko konpromisoa hartu du udalak.