Beasaingo, Itsasondoko eta Legorretako jatetxeetan iturriko ura kontsumitzeko kanpaina hasi dute
Oraingoz zortzi jatetxe eta taberna hasiko dira astelehenetik aurrera iturriko ura zerbitzen.
Dagoeneko Europako hainbat herrietako eta hirietako jatetxeetan iturriko ura eskaintzea oso errotuta dago. Euskal Herrian ez dago horretarako ohiturarik; ez eta Goierrin ere. Era horretan, Kutxa Ekogunearen ekimenez, Gipuzkoan jatetxeetan eta tabernetan ere, iturriko ura kontsumitzera animatu nahi ditu herritarrak Etxeko Ura kanpainarekin, “ura kontsumitzeko ohitura jasangarriagoak bultzatuz”.
Beasaingo, Itsasondoko eta Legorretako udalek bat egin dute Kutxa Ekogunearen Etxeko Ura kanpainarekin eta astelehenetik aurrera, hiru herri horietako zortzi tabernetan eta jatetxetan, iturriko ura zerbitzatuko dute. Egingo duten kanpainarekin, kanpainarekin ostalari gehiagok bat egitea espero dute. Oraingoz Etxeko Ura kanpainarekin bat egin dutenak ondorengoak dira:
- Beasainen: Dolarea, Kattalin, Antzizar, Batzokia, Beasain hotela.
- Itsasondno: Kaxintane
- Legorretan: Intsausti eta Aldaieta.
Hiru helburu ditu kanpainak:
- Uraren kalitatea bistaratzea. “Zerbitzatzen ari garen iturriko ura inguruko urtegietatik ekarritakoa da eta kalitate handikoa da gainera. Hori ziurtatzeko, urtero ehunka kalitate kontrol izaten ditu”.
- Plastikozko botilako ura kontsumitzeak sortzen duen inpaktua gutxitzea. “Iturriko ura kontsumitzeak botilako ura edateak baino ingurumen-inpaktu txikiagoa sortzen du: bai garraioan eta baita ontzien fabrikazio eta kudeaketan ere”.
- Kontsumitzaileak kontsumo kontziente baterako bidean jarrera aldaketak barneratzea.
Horretarako, kristalezko ur pitxar berrerabilgarriak eskainiko zaizkie ostalariei, bezeroek hala eskatu beharrik gabe erabil ditzaten. “Modu honetan, iturriko ura aprobetxatuz eta kristalezko pitxarra berrerabiliz, kalitate berbera eskainiko dugu baina aztarna ekologikorik gabe”. Gainera, bezeroek etxetik kanpo uraren kontsumo ohiturak berritzea lortu nahi dugu kanpaina irauten duen denbora tartetik harago.
Grifoterapia
Askotan taberna edo jatetxe batean iturriko ura eskatzearen lotsa izaten dela jakinda, Grifoterapia proposatu du Kutxa Ekoguneak. “Etxetik kanpo zaudela iturriko ura eskatzea dagokizunean beldurra gainditzea lortuko duzu! Ikusi bideoa eta egin zure diagnostikoa”.