Pagoetako hotela egin zuen enpresak 3,6 milioi eskatu dizkio udalari
Igerilekuen pareko hotela eraiki zuen enpresak Urretxuko Udala epaitegietara eraman du. 3,6 milioi eskatzen dizkio. Enpresaren arabera, hotela egiteko baimena zuen eta 2007-2011 legealdian, EAE gobernuan zegoenean, hotela irekitzeko aukerarik
Igerilekuen pareko hotela eraiki zuen enpresak Urretxuko Udala epaitegietara eraman du. 3,6 milioi eskatzen dizkio. Enpresaren arabera, hotela egiteko baimena zuen eta 2007-2011 legealdian, EAE gobernuan zegoenean, hotela irekitzeko aukerarik gabe gelditu zen. Izan ere, udalak lursailaren kalifikazioa aldatu zuen: tertziarioa izatetik dotazionala izatera pasa zen.
Osteguneko osoko bilkuran alderdi guztiek, aho batez, abokatu bat kontratatzea onartu zuten. Jon Luqui alkateak udalak eskuartean duen gai serioenetako bat dela esan zuen. “Epaiketa irabazten badute, udaletxea itxi beharko dugu”. Gainera, udalak beste arazo bat du: lursailaren kalifikazioa 2020rako aldatzen ez badu, eraikina erosi beharko du.
Atzoko osoko bilkuran Irimori buruz ere hitz egin zuten. EH Bilduk aurten karrozak egiteko erabili den lokalaren alokairua zenbat kostatu den galdetu zuen eta alkateak lokal hori alokatzea “erabat beharrezkoa” zela esan zuen. “Aurreko urteetan Irimon egin dira eta iaz pistola bat eta zianuroa aurkitu genituen. Gainera, pabilioien jabeak ez zuen zergarik ordaintzen lokala uztearen truke. 2009tik 2014ra 53.000 euro kobratzeari utzi genion”.
EH Bilduko Unai Badiolak egoera horren berri izan laister egoera formalizatu zutela esan zuen. Beraien legealdian ere Ertzaintzaren sarekadak egon zirela eta armak aurkitu zirela gehitu zuen. “Karrozak han jarraitu bazuten, alternatibarik ez genuelako izan zen. Ez gaude karrozak beste toki batera eramatearen aurka. Zenbat kostatzen den jakin nahi dugu”. Udalak 6.000 euro ordaindu du hiru hilabeteko alokairuagatik.