'Sal eta Eros' irrati nobela, dendetan euskararen erabilera bultzatzeko
Zingi Zangok, Zintzo Mintzok eta Goierri garaiko udaletako euskara zerbitzuek sortu dute. Astero Zingi Zangoren webgunean eta Segura Irratian entzun ahal izango da
Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko udaletako euskara zerbitzuek, Zingi Zango eta Zintzo Mintzo euskara elkarteekin batera, herriko dendetan euskara erabiltzeko kanpainak jartzen dituzte martxan urtero. Abenduan emango zaio hasiera aurtengo kanpainari, euskararen egunaren inguruan —abenduaren 3a izaten da euskararen eguna—. Bitartean, giroa berotzen joateko, Sal eta Eros izeneko irrati nobelatxoa sortu dute.
Minutu pasatxoko atalak izango dira. Bertan, Sal eta Eros pertsonaien arteko elkarrizketa entzun ahal izango da. Hau da, saltzaile baten eta erosle baten arteko elkarrizketa, egunerokotasunean eman daitezkeenen antzekoa. Sal-ek, saltzaileak, Salustiana du izena. Bestetik, Eros, eroslea, Erosita baserrikoa da.
Guztira, zortzi atal izango dira. Astelehenero Zingi Zangoren webgunean (zingizango.eus) entzun ahal izango da atal bat. Asteazkenero, berriz, Segura Irratiko Bixi-Bixi irratsaioan.
Lehenengo atala, dagoeneko, entzungai dago Zingi Zangoren webgunean. Bertan, Eros arratoientzako pozoia erostera joaten da Sal-en dendara. 50 kilo eskatzen dizkio, Erosita baserrian arratoiekin larri dabiltzala eta.
Eros-en ahotsa Asier Iriondorena da. Sal-ena, berriz, Gurutze Arrieta udal euskaltegiko zuzendariarena. Grabaketak Iñaki Gurrutxaga Gurru musikari legazpiarraren etxeko estudioan egin dituzte, eta irrati nobelen atzealdean entzuten den musika ere harena da. Joan den hilean kaleratu zuen lehenengo diskoa musikariak, Aleike izenekoa.
Irrati nobelen helburua, azken finean, merkatarien eta erosleen artean egunero ematen diren elkarrizketak euskarazkoak izan daitezen sustatzea da. Izan ere, abenduan hasiko duten kanpainak inoiz baino garrantzia handiagoa emango dio bi aldeen arteko harremanari.
Abenduan kanpaina
Aurreko urteetako kanpainetan, euskararen presentzia agertzen zuten argazkiak bidaltzeko eskatzen zitzaien erosleei eta dendariei, baina bakoitzak bere aldetik. Aurten, aldatu egingo dute estrategia: dendariak eta bezeroak batera agertzen diren argazki bat atera beharko dute. Selfie bat izan beharko da. Argazkian, kanpainarako diseinatu duten txartela izan beharko dute eskuan. Txartel horrek puzzle itxura du. Alde batean Nik euskaraz saltzen dizut jartzen du, eta beste aldean Nik euskaraz erosten dizut. Bakoitzak, dagokion aldetik eutsi beharko dio txartelari.
Kanpaina abenduan hasiko da, baina jada hasi dira txartelak dendetara banatzen. Aurreko urteetan bezala, sariak izango dira parte hartzaileentzat. Horri buruzko xehetasunak, ordea, abenduan aurkeztuko dituzte.













