Zer uste dute herritarrek Latxartegiko proiektuaren inguruan?
Parte hartze prozesua abiatu du udalak, merkatarien eta herritarren iritziak jasotzeko. Ekarpen guztiak kontuan hartuko dituela adierazi du alkateak. Hainbat herritar kontra agertu dira
Legazpiko Udalak parte hartze prozesua jarri du martxan aste honetan, herritarrei eta merkatariei Latxartegirako zein asmo duten azaldu eta haien ekarpenak jasotzeko asmoz. Asteartean bilera egin zuten merkatariekin, eta Agenda 21 foroan ere landu zuten gaia. Asteazkenean, berriz, Latxartegi aretoan bilera irekia egin zuten. 60 lagun inguru joan ziren bilerara, eta hainbatek udal gobernuaren asmoaren aurka egin zuten. Dena den, guztien iritziak kontuan hartuko dituela adierazi zuen Koldobike Olabide alkateak.
Hasteko, koka dezagun gaia. Latxartegiko parkearen azpian aparkaleku bat egiteko asmoa ez da berria. 2007an udalak onartutako HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean, dagoeneko, aipatzen zen aparkalekua egiteko aukera, baita 2008an onartutako mugikortasun planean ere. 2009an, berriz, udalak kontratatuta, ejekuzio proiektu bat idatzi zen.
Horrez gain, alkateak gogorarazi zuen gaur egun udalean dauden lau alderdiek txertatu dutela Latxartegin aparkalekua egiteko asmoa beren programetan: 2011n EH Bilduk, eta 2015ean EAJk, PSE-EEk eta Irabazik. Bestalde, iaz herritarrei egindako inkesta baten emaitzak azaldu zituen Olabidek: «Legazpiko arazo nagusiez galdetzean, aparkaleku falta aipatu zuten inkestan parte hartu zuten gehienek».
Hortaz, alderdi politiko guztiek noizbait aparkalekua egiteko beharra ikusi badute, herritarrek ere aparkaleku arazoa dagoela esaten badute, eta ejekuzio plan bat dagoeneko eginda badago, zergatik ez da oraindik aparkalekurik egin?
Alkatearen hitzetan, aparkalekua oraindik egin ez izanaren arrazoia finantzarioa da. 2009ko ejekuzio planaren arabera, obrak 2,5 milioi euroko kostua du. BEZa orain %21ekoa dela kontuan izanda, gaur egun 2,65 milioi euroko kostua izango luke. «Gastu horri aurre egiteko udala zorpetu egin beharko litzateke», esan zuen Olabidek asteazkeneko aurkezpenean.
Supermerkatuaren aukera
Aparkalekua egin eta udala ez zorpetzeko, irtenbide posible bat proposatu du udalak: lur azpiko aparkalekuan supermerkatu bat jartzea. Supermerkatu horrek obra osoa finantzatu beharko luke: aparkalekua eraikitzea, denda eraikitzea eta Latxartegiko parkea berritzea. «Udalari aparkalekuaren gastua zero eurokoa izatea ahalbidetuko lioke supermerkatu bat egiteak».
Arazoa hurrengoa da: gaur egungo HAPO-a moldatu egin beharko litzateke Latxartegin supermerkatu bat egin ahal izateko. HAPO-aren aldaketa udalbatzak onartu behar du. Gaia udalbatzara eraman aurretik, ordea, udalak herritarrekin parte hartze prozesua irekitzea erabaki du. Oraingoz, HAPO-a aldatu ala ez da eztabaidagaia, supermekatua egitea posible izan dadin, eta, ondorioz, aparkalekuaren obraren %100eko finantziazioa lortzeko. «Behin HAPO-a aldatuta, ikusi egin beharko da ea supermerkaturen bat prest dagoen proiektua finantzatzeko; hala ez bada, ez da aparkalekurik egingo», azaldu zuen Olabidek. Lehiaketa publikoa egingo dute supermerkatua aukeratzeko.
Supermerkatua eta aparkalekua nolakoak izango diren , geroago erabaki beharko da, hurrengo fase batean. Hala ere, dagoeneko aurreratu dituzte hainbat datu. Supermerkatuak 1.500 metro koadro izango lituzke, biltegiak eta gainerako azpiegiturak kontuan izanda. Horrek esan nahi du, denda 1.000 metro koadro ingurukoa izango litzatekeela. Alkatearen esanetan, Urretxuko Eroskiaren antzeko tamainako denda bat izango litzateke. Bestalde, aparkalekuak bi solairu izango lituzke, 2.500 metro koadrokoak. Solairu batean aparkalekuak egingo lituzkete, eta beste solairuan garaje irekiak.
Herritarren iritziak
Herrian supermerkatu bat eraikitzeko asmoak kezka sortu du Legazpiko merkatarien artean. Olabideren ustez, ordea, «supermerkatu bat eraikitzeak komertzio txikiari ere on egingo dio, herritarrek produktu aukera zabalagoa izango dutelako, eta ez dutelako herritik atera beharrik izango». Jendeak erosketak herrian egingo lituzkeela eta horrek erdigunea biziberrituko lukeela uste du alkateak.
Asteazkeneko bileran bederatzi herritarrek hitz egin zuten, beren kezkak agertzeko, edo udalari babesa emateko. Bederatzi horietatik seik, udalaren proposamenaren aurka hitz egin zuten. Batek, alde. Eta, beste bat, ez zen lerrokatu.
Proiektuaren kontra egin zutenek, analisi baten falta leporatu zioten udal gobernuari, aparkaleku gehiago egitea beharrezkoa den ala ez ondorioztatzeko. «Beharrezkoa da jakitea zehazki zenbat kotxe eta zenbat aparkaleku dauden Legazpin; datuak falta zaizkigu», adierazi zuen herritar batek. Olabidek, erantzunez, 2008ko datuak eman zituen: 399 aparkaleku zeuden herrian, autoen %39,4a. «Ordutik, egoera okerragoa da, kotxe gehiago eta aparkaleku gutxiago daudelako», esan zuen alkateak.
Alberto Bezunartea Irabaziko zinegotziak ere parte hartu zuen, herritar gisa. Aparkalekua ez dela behar adierazi zuen, Plazaolako, Juanastegiko eta paper fabrikako parkinen erabilera «ridikuloa» delako. Gainera, 2008ko datuak erabiltzeak ez duela zentzurik esan zuen, ordutik herriko mugikortasun egoera asko aldatu delako: igogailuak, Junetorri autobusaren zerbitzua… Azkenik, Latxartegin aparkalekua egiteak erdiguneko trafikoa areagotuko lukeela esan zuen, eta, ondorioz, segurtasuna murriztu.
Beste herritar batzuek adierazi zuten ez dela egia gastua zero eurokoa izango denik. Batetik, proiektua eta beharrezko txostenak egitea ordaindu egin beharko irdelako. Bestetik, «supermerkatu bat egiteak herriko merkatariei kalteak eragingo dizkielako». Hain zuzen ere, herrian denda duen emakume batek parte hartu zuen bileran: «Orain justuan ateratzen dut bizimodua, eta supermerkatu bat irekitzen bada, kalean geratuko naiz».
Hitz onak ere izan ziren. Aparkaleku gehiago behar direla esan zuen herritar batek: «Proiektua aurrera ateratzen bada, udalaren kudeaketa zoriontzeko modukoa da, herriarentzako azpiegitura bat kosturik gabe egiteagatik eta aurrekontuz kanpoko baliabideak topatzeagatik; izugarrizko aukera da, ez ditut kritikak ulertzen».













