Udala bizilagunekin elkartuko da 2017ko aurrekontuak prestatzeko
Urretxuko Udalak 2017ko aurrekontuak prestatzeko prozesua aurkeztu du. Helburua abenduaren 22ko osoko bilkuran edo, berandu jota, urtea amaitu baino lehen onartzea da. Gobernu taldea eta oposizioko alderdiak aurrekontuen prestaketan lan
Urretxuko Udalak 2017ko aurrekontuak prestatzeko prozesua aurkeztu du. Helburua abenduaren 22ko osoko bilkuran edo, berandu jota, urtea amaitu baino lehen onartzea da.
Gobernu taldea eta oposizioko alderdiak aurrekontuen prestaketan lan egiten ari dira dagoeneko eta datorren astean gainontzeko urretxuar guztien txanda helduko da. Udalak auzo guztietako bizilagunekin bilerak egingo ditu. Bi bilera erronda egongo dira: lehenengoan aurrekontuen zirriborroa aurkeztuko da eta bigarrenean beraien zein proposamen onartu diren eta zein ez azalduko zaie.
Lehen erronda datorren astean izango da. Aparizioko bizilagunekin auzoko elkartean bilduko dira, datorren astelehenean (12:00etan) eta azaroaren 15ean (16:00).
Gainontzeko bilera guztiak udaletxeko bigarren solairuko bilera gelan izango dira. Pagoeta-Labeagako bizilagunekin datorren astelehenean (17:00) eta azaroaren 15ean (18:00), San Martinekoekin asteartean (17:00) eta azaroaren 16an (16:00), alde zaharra eta Areizagakoekin asteartean (19:00) eta azaroaren 16an (18:00), Mundo Mejor auzokoekin asteazkenean (17:00) eta azaroaren 17an (16:00), Basagasti, Sorginzulo eta Lilibasokoekin ostegunean (17:00) eta azaroaren 17an (18:00) eta Santa Barbara auzokoekin hilaren 21ean (17:00) eta azaroaren 16an (18:00).
Herritarrek beste bide batzuk ere badituzte proposamenak aurkezteko: posta elektronikoa (partaidetza@urretxu.eus), Twitter (@Urretxuudala), Facebook (facebook.com/urretxukoudala), telefonoa (943 03 80 90) eta kaleko postontziak.
Egitasmo estrategikoak
Astearteko prentsaurrekoan udal gobernuak bere egitasmo estrategikoak ere aurkeztu zituen: Irimoko guneari irtenbide bat eman, herritarren parte hartzea instituzionalizatu, zorra kitatu, gizarte zerbitzuak mantendu, Plan Orokorra onartu, zabor bilketa sistema jasangarri bat ezarri, bizikidetza plan bat onartu, goiko auzoetarako irisgarritasun plan bat prestatu, Urretxuren irudia landu (2020ean Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena ospatuko da) eta inbertsioak egin.
Inbertsioei dagokienez, txikiak (Goldeneko plaza berritu eta auzoak urbanizatu) ertainak (Jose Mari Lasa plazako parkea berritu, Ormazabal etxeko parkea egin, lizeo ingurua txukundu, parke bat estali…) eta tamaina handikoak daude (igerilekuak berritu eta pasiotarren eraikinari erabilpen bat eman).