Urolak eta Ilintxak derbia jokatuko dute bihar arratsaldean Zumarragan
Urola eta Ilintxa futbol taldeek Goierri garaiko derbia jokatuko dute bihar, 16:00etan, Zumarragako Argixao estadioan. Gorengoen Mailan jokatzen dute. Urretxu eta Zumarragako Urola bigarren postuan dago eta Legazpiko Ilintxa, berriz,
Urola eta Ilintxa futbol taldeek Goierri garaiko derbia jokatuko dute bihar, 16:00etan, Zumarragako Argixao estadioan. Gorengoen Mailan jokatzen dute. Urretxu eta Zumarragako Urola bigarren postuan dago eta Legazpiko Ilintxa, berriz, sailkapenaren azpialdean.
Urolak une gozoa bizi du. Lau partida jokatu dituzte eta, lehena galdu ondoren, azken hiruak irabazi egin dituzte. Horietatik bi etxetik kanpo. Ilintxak, berriz, partida bat irabazi du, beste bat berdindu eta bi galdu.
Dena den, Pello Altzelai Ilintxako presidenteak eta Iñaki Aranzadi Urolako zuzendaritzako kideak dioten bezala, derbietan ez dago faborito argirik. «Derbiak bereziak dira. Bata goran eta bestea beheran egoteak ez du garrantzirik. Larunbateko partida gogorra izango da», aipatu du Aranzadik.
Gainera, sailkapenak diona engainagarria dela uste du. «Hiru partida irabazi ditugu, baina hiruetan 1 eta 0 nagusitu gara. Geroz eta hobeto jokatzen ari gara, baina asko kostatzen zaigu gola sartzea. Estrategia oso ondo landuta dugu eta ea horrek Ilintxari golak sartzeko balio digun».
Altzelaik ere partida «borrokatua» izango dela uste du. «Partida borrokatua izango da. Urolaren aurka jokatzen ditugun guztiak halakoak izaten dira, baina azkenean ia beti irabazi egiten digute. Ez beti merezita. Iaz, adibidez, lehen zatian sekulako jipoia eman genien, baina azkenean irabazi egin ziguten. Beraien taldea gurea baino be- teranoagoa da. Beraiek esperientzia jarriko dute eta guk ilusioa».
Urolaren eta Ilintxaren lehen taldeek garai hobeak ezagutu dituzte, baina derbiak berezia izaten jarraitzen du. Aranzadi jokalaria izan zen eta partida asko jokatu zituen Ilintxaren kontra. «Partida guztietan hiru puntu daude jokoan, baina derbiak bereziak dira. Legazpiko jendearekin lan egiten nuen eta pikea izaten genuen. Zorionez, garai hartan ia partida guztiak irabazi genituen».
Altzelai ez zen jokalaria izan, baina berak ere primeran ezagutzen ditu derbiak. Izan ere, 17 urte daramatza presidente karguan. «Derbi guztiak oso bereziak dira. Jokalariek elkar ezagutzen dute eta oso harreman ona dute, zuzendaritzen arteko harremana beti oso ona izan da, nesken taldea bi kluben artean daramagu… Gainera, Urolako entrenatzaileak, Igor Serranok, Ilintxa entrenatu zuen».
Helburuak
Eta derbiaren ondoren, zer? Urolaren lehen taldeak, orain arte bezala jarraitzen badu, Ohorezko Erregionalera igotzeko aukera izango du. «Ondo ibiliko ginela bagenekien, baina ez dakit igotzeko gai izango garen. Gure erronka aurrean dago, aurrelari gazteak baititugu. Oraingoz oso ondo ari dira. Taldearen batezbesteko adina 25 bat urtekoa da. Bi jokalari 30 urtetik gorakoak dira, beste bi oso gazteak eta gainontzekoak tartean daude», esan du Aranzadik.
Ilintxaren taldea gazteagoa da. «Maila honetan esperientzia oso garrantzitsua da eta gure batezbesteko adina 22 urtekoa da. Baina denak herrikoak dira eta ilusio handia dute. Gure helburua mailari eustea da eta ez dut uste horretarako arazorik izango dugunik», amaitu du Altzelaik.