Azoka ekologikoa egingo dute igande goizean Gernikako Arbolan
Nekazaritza Ekologikoaren 8. Azoka egingo dute bihar (igandea) Urretxun. 10:00etatik 14:30era Euskal Herriko hainbat ekoizleren produktuak erosi ahal izango dira, Gernikako Arbola plazan. Azoka hau Urretxuko Udalak antolatu du, Biolurren
Nekazaritza Ekologikoaren 8. Azoka egingo dute bihar (igandea) Urretxun. 10:00etatik 14:30era Euskal Herriko hainbat ekoizleren produktuak erosi ahal izango dira, Gernikako Arbola plazan.
Azoka hau Urretxuko Udalak antolatu du, Biolurren laguntzarekin. Postuetan barazkiak, gozokiak, haurrentzako arropa, hestekiak, baratxuriak, haragia, marmelada, olioa, eztia, ogia, ardi, ahuntz eta behi gazta, ardoa eta sagardoa jarriko dituzte salgai, besteak beste.
Gainera, azokan erosketak egiten dituztenak produktu ekologikoen saskien zozketan sartuko dira. Bestalde, haurrek elikagai ekologikoei buruzko tailer batean parte hartzeko aukera edukiko dute.
Postu asko
18 postu egongo dira guztira: Ekain (sagardoa), Goiabe (gozogintza), Aikur (eztia), Pikunieta (gazta), Mireia Segura (haurrentzako arropa), Gascoi Zelaia (hestekiak), Aldaba (ogia, gozogintza eta gazta), Illargui (ogia), Placido Tainta (baratxuriak), Mendibitzu (ardi gazta eta haragia), Joseba Baez (behi gazta), Itxoste (marmelada eta kombucha), Jose Lonbide (barazkiak), Luz (olioa), Goi Eko (haragia), Mendiko (ardoa), kontsumo taldeetako ekoizleak eta Biolur.
Horietatik lau goierritarrak dira: Aikur (Urretxu), Illargui (Urretxu), Joseba Baez (Idiazabal) eta Goi Eko (Olaberria, Itsaso eta Idiazabal).
Aikurrekoen iritzia
Aikur erle museokoek urtero parte hartu dute azoka honetan. «Poliki-poliki gora doan azoka bat da. Duela urte batzuk lizeotik Gernikako Arbola plazara pasa zen eta aldaketa onerako izan da», aipatu du Aikurreko Aitor Otegik.
Urretxuko azoka ekologikoan ondo saltzen dela dio. Beraiek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako azoka ekologiko guztietara joaten saiatzen dira. «Feria bereziak izaten dira, bisitariak oso kontzientziatuak daudelako. Hori dela eta, garrantzitsua iruditzen zaigu feria horietan egotea», azaldu du.
Urretxuko azoka ekologikora gainontzeko azoka guztietara eramaten dituzten produktuak eramango dituzte: lau ezti mota, propolioa, ukenduak eta argizaria.