XVI. mendean oinarritutako bisita gidatua izan da, garai hartako pertsonaien lanean arreta berezia jarriz
XVI. mendean oinarritutako bisita gidatu antzeztua egin dute gaur arratsaldean Beasaingo Igartza Monumentu Multzoan. Ondarearen Europako Jardunaldien baitan antolatutako ekintza izan da,
Migrazioa eta Kultura Ondarea gai hartuta.
Igartza bidegurutze izan da beti eta dolarean, industrian, jauregian… bere eragina izan du. Jende mugimendu handia izaten zen bertan, eta joan etorri haietan garrantzia izan zuten pertsonaien lana eta papera agerian utzi nahi izan dute gaurko antzezpenean. Mojak, mandatariak, garraiolariak, baserritarrak, olagizonak, errotaria… izan dira bisita gidatuan parte hartu duten pertsonaia ezberdinak. Aktore batek egin ditu gidari lanak, eta pertsonaia bakoitzaren ofizioak eta egunerokoak harilkatuz osatu dute istorioa. Geldialdiak eginez osatu dute bisita, zubia, burdinola, errota, ermita, jauregia, gurutzea eta dolarea izan dira geldiune estrategikoak.