Urrezko gazta izendapena lortu du, epaimahaiak 8,5 puntutik gorako puntuazioa eman eta gero.
Epaimahaiak eman berri du XXIX. Ordizia Txapeldun gazta lehiaketako epaia, eta 2008an, 2011an eta 2013an Euskal Jaietako txapelketan irabazle izan den Ricardo Remirok aurkeztutako gazta izan da onena. Atzo eta gaur mendiko gaztaren inguruko jardunaldiak egin dituzte Ordizian lehenengoz. Jardunaldien baitan, nazioarteko mendiko gazten azoka egin zuten atzo arratsaldean eta gaur goizean. Eta testuinguru horretan egin da aurten, Ordizia Txapeldun lehiaketa.
Ordiziako Euskal Jaietako ardi latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako irabazleak lehiatu dira gaur, 2007tik 2016rakoak, hain zuzen. Hauek dira parte hartu duten gaztagileak: Jesus Ansola, Mauxitxa baserria, Elgoibar (2007 eta 2009); J. Aranburu elkartea, Idiazabal (2010); Ricardo Remiro, Eulate (2008, 2011 eta 2013); Karmele Murua, Ondarre baserria, Segura (2014); Jon Etxeberria, Zeanuri (2012 eta 2015); eta Joseba Insausti, Ordizia (2016). Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta udalak antolatu dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.
Epaimahaia ondoko hauek osatu dute: Jose Juan Castillo, lehendakaria; Aizpea Oihaneder (Xarma, Donostia); Iban Mate (Dolarea, Beasain); Marta Albisu eta Patxi Perez (Idiazabal Jatorri Izendapena); Felix Ibargutxi (kazetaria); Gilbert Dalla Rosa (Bearn-eko Slow Food-eko lehendakaria); Fermin Leizaola (Aranzadiko etnografia departamentuko zuzendaria) eta Luis Javier del Valle (idazlea eta Asturiasko gazta lehiaketetan ohiko epaimahaikidea).