Areizagako etxearen 50. urteurrena ospatuko dute asteburu honetan
Larunbatean eta igandean Areizaga plazako etxearen 50. urteurrena ospatuko dute. Antolatzaileek prentsaurrekoa eman dute egitaraua aurkezteko eta eraikinaren historia azaltzeko. Prentsaurrekoa atzo eguerdian eman zuten Areizagako baroi berriek: Juanbi Artolazabalek
Larunbatean eta igandean Areizaga plazako etxearen 50. urteurrena ospatuko dute. Antolatzaileek prentsaurrekoa eman dute egitaraua aurkezteko eta eraikinaren historia azaltzeko.
Prentsaurrekoa atzo eguerdian eman zuten Areizagako baroi berriek: Juanbi Artolazabalek eta Jesus Mari Kerejetak. XVII. mendean Felipe eta Bernardo Areizaga anaiek Baroikua etxea eraiki zuten eta XXI. mendean Artolazabal eta Kerejetak Areizaga kaleko bigarren etxe zaharrenaren urteurrena ospatzeko festa antolatu dute bizilagun, merkatari, ostalari eta udalaren laguntzarekin.
Kerejetak urteurrenak festa bat merezi duela esan zuen. «50 urte dira etxebizitza hauek egiten hasi zirela eta horren kontura festa bat ospatzea erabaki dugu. Izan ere, plaza hau da Urretxu eta Zumarragan jende gehien elkartzen duena. Urtean zehar ekitaldi pila bat antolatzen dira bertan».
Kerejetak 45 urte daramatza bertan eta urte horietan guztietan denetik ikusi du. «Uholdeak egon dira, plaza bizpahiru aldiz berritu dute… Urolako trena gure etxetik oso gertu pasatzen zen eta ezin genuen leihoa ireki», gogoratu zuen.
Artolazabalek beraien etxeari buruzko datu batzuk eman zituen. Etxea Leitzako Elga enpresak eraiki zuen. Lursaila 1965ean erosi zuten eta etxea eraikitzeko baimena 1966ko apirilean eskatu zuten.
Etxeak bost atari ditu eta bakoitzean hamar etxebizitza daude. Handienak 120 metro koadrokoak dira eta txikienak 80 metro koadrokoak. Etxe handienak Areizaga kalera ematen dutenak dira eta etxe txikienak Berit taberna gainekoak. Etxeak solairuarteak eta lokalak ere baditu.
Bertara joaten lehenak Teofilo Urmeneta eta Maria Nieves Alustiza izan ziren. Azkena, berriz, Mikel Elizburu izan zen. Bizilagun ia guztiek bertan bizitzen jarraitzen dute. Oso aldaketa gutxi egon dira.
Artolazabalek anekdota batzuk ere gogoratu zituen. Sonatuena, guardia zibilen eta polizien arteko tiroketa izan zen. Batzuk komunistek Areizagako etxean jarritako kartelak kentzen ari ziren, besteei kartelak jartzen ari zirela iruditu zitzaien eta elkarren artean tiroka bukatu zuten.
Bestalde, bizilagunek buruz zekizkiten Urolako trenaren ordutegiak eta trenari esker zekiten zein ordutan bizi ziren. Urolako trena kendu zuten, ibaia estali zuten, Unanue eta Politena tabernak itxi zituzten, Goruntz eskultura jarri zuten… Gauza asko gertatu dira 50 urte horietan eta asteburuko festan horietako asko eta asko gogoratuko dituzte.
Egitaraua
Larunbatean, 16:30ean, mus txapelketa jokatuko dute. Bikote bakoitzak 20 euro ordaindu behar du. Mus txapelketaz gain, haurrentzako jolasak eta txokolate-jana egongo dira. Ekitaldi horiek 17:30ean izango dira.
Urteurreneko egun handia igandea izango da. 12:30eko meza auzoko hildakoen alde izango da. 13:00etan triki-po-teoa egingo dute eta 14:30ean bazkari herrikoia egongo da. Bazkalostean dantzaldia egongo da eta 17:30etik 18:30era toka txapelketa jokatuko dute. Bazkarian 135 lagun elkartuko dira: 114 heldu eta 21 haur.