Autogestioari bide egiteko gazte festak Legorretan
Nortasuna, indarra eta ekiteko gogoa biltzen dituzten hiru hitz: Izan, egin eta eragin. Horixe da Legorretako Gazte Festetako aurtengo leloa. Testuinguru berezian datozelako ...
Nortasuna, indarra eta ekiteko gogoa biltzen dituzten hiru hitz: Izan, egin eta eragin. Horixe da Legorretako Gazte Festetako aurtengo leloa. Testuinguru berezian datozelako aukeratu dute Legorretako gazteek lelo hori; «proiektu autogestionaturantz tranpolin gisara planteatu nahi izan dugu aurtengo edizioa», nabarmendu dute Legorretako gazte asanbladako Ekhi Zugastik, Maddi Jauregik, Itoiz Alustizak eta Igor Diezek.
Gazte festen XVIII. edizioa izango den honetan, «parranda egiteko tarteaz gain, hausnarketarako eta eztabaidarako tartea ireki nahi» dutela erantsi dute. Hori da, festetako lehenengo egunean, Gure kabuz ala hil dokumentala jartzearen arrazoietako bat. Gazte mugimenduan alternatiba sozioekonomikoen inguruko eztabaida piztu eta bultzatzeko egina da dokumentala, eta Topatu Gazte Proiektu Komunikatiboak eta Ernai gazte antolakundeak sortu dute elkarlanean. Gaur gaurkoz udalaren laguntza jasotzen du Gaztetxeak, eta hori «aldatzeko momentua iritsi» dela adierazi dute Gazte Asanbladako kideek. Hausnarketa sakona eta norberaren iritziak emateko aukera izango dute ondoren egingo duten mahainguruan.
Egun gehiago aurten
Lehengo aldiz, Legorretako gazte festek lau egun iraungo dute. Ostiralean hasiko dira eta «zubia datorrela aprobetxatuz», festa egun gehiago egitea erabaki dute. Dena den, beste urte batzuetan bezala larunbata izango da egun handiena, astelehenarekin batera. Larunbatean egingo da hain zuzen, iraganeko, oraingo eta etorkizuneko asanbladetako kideen arteko desafioa, besteak beste. Gaur egungo asanbladako kideek esandakoaren arabera, «tradizio handia duen ekintza» da. «Gu umeak ginenean, horrelako jolasekin eta ezer gutxirekin hasi ziren gazte festak Legorretan, gazteei zuzendutako ekintza bezala».
Harrezkero, 18 urte pasatu dira eta urtez urte Legorretan indar handiagoa hartzen joan diren festak dira.
Egitaraua
Ostirala, 28
16:00: Gure kabuz ala hil dokumentala eta mahai-ingurua.
Larunbata, 29
14:00: Txupinazoa eta bazkaria.
17:00: Desafioa .
18:00: Elektrotxufla txaranga.
22:30: Bide Bakarra, Bolbora eta Rock Kam Broom taldeen kontzertua.
Igandea, 30
17:00: Poker txapelketako izen ematea.
22:00: Diaz: no limpies esta sangre filmaren proiekzioa.
11:30: Astelehena, 31. Mahaingurua.
18:00: Txapelpintxopoteoa herrian zehar.
23:00: Altxa Gudari eta Guri5 taldeen kontzertua.