
Ezkio-Itsaso herri berezia da benetan. Alde batetik, frankismoko dekretu batek elkartu zituen bi herrik osatzen dute: Ezkiok eta Itsasok. Itsasoarrek banantzea erabaki dute, eta datorren urte hasierarako bi udalerri izango dira. Bestetik, Ezkio-Itsaso herri txikia da, baina bere lurretan azpiegitura handiak ditu: zentral elektriko bat, autobide bat, bi industrialde… Gainera, AHTak alderik alde zeharkatzen du, eta bertan geltoki bat egiteko asmoa dute. Herria ezaguna da Igartubeiti baserri-museoagatik eta 1931n bi haurrek Ama Birjina azaldu zitzaiela esan zutelako ere. Garikoitz Aiesta alkateak (Ezkio-Itsaso, 1979) ez du aspertzeko astirik.
Aiesta 2012an heldu zen alkatetzara. Lau urte bete ditu karguan duela gutxi. Udalak egoera ekonomiko ona duela dio. “Kargua hartu nuenean udalak dirua zuen aurreztua, eta egun ere badu. Ezkio-Itsasok bi arrazoirengatik du egoera ekonomiko ona: azken urteotan ez dugulako etxebizitza promoziorik bultzatu eta ez garelako obra handitan sartu. Inbertsio txikiak egin ditugu. Arrisku gutxikoak”.

Aurten inbertsio handiagoak egiteko asmoa dute. “Altxortegia ukituko dugu, herri eskolako obra bukatzeko eta anbulatorioa tokiz aldatzeko. Lehen Hezkuntzako solairua egokituko dugu, haurrak maila horretara helduko direlako. Gainera, eskola kanpoko gune berdea txukuntzen ari gara. Hala ere, dirua edukitzen jarraituko dugu”.
Ezkio-Itsasoren diru iturrietako bat industrialdeak dira, baina buruhaustea ere badira. Izan ere, industrialde zaharrena bere garaian ez zen urbanizatu, eta lan hori egiteko dago. “Duela bi urte egin genuen azken lana. Obren kudeaketa guk egiten dugu, eta lanak enpresek ordaintzen dituzte. Egoera ekonomikoa ez da oso ona, eta, beraz, ez ditugu enpresak asko estutu nahi. Hori bai, pixkanaka urbanizazioa bukatu nahi dugu. Industrialde guztiak baldintza berberetan egotea da gure helburua”, jakinarazi du alkateak.
Abiadura handiko trena
AHTa ere ez da buruhauste makala. “Desjabetzeak egiten ari ziren garaian heldu nintzen udaletxera. Udalak bitartekari lana egin zuen Jaurlaritzaren eta lursail jabeen artean, lur jabeek ahalik eta diru gehien kobra zezaten. Obrari dagokionez, Ezkio-Itsason plataforma eginda dago, eta trenbidea, katenaria eta geltokia egitea falta da. Horri dagokionez, Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak ez digute erantzunik ematen. Aurreikuspenen berri emateko eskatzen diegu, baina ez digute ezer esaten. Madrilen zer gertatuko zain gaude”, azaldu du Aiestak.
«Azkenean abiadura handiko trena martxan jartzen bada,
herriari onura ekar diezaion lan egingo dugu»
«Bai Ezkion eta bai Itsason herritarren parte hartzea
oarin arte baino handiagoa izan beharko da»
Garikoitz Aiesta (Ezkio-Itsasoko alkatea)
Udala AHTaren aurka dago, herritarren gehiengo zabal baten nahiari erantzunez. “Beste alternatiba batzuk bideragarriagoak iruditzen zaizkigu, baina pragmatikoak izatea tokatu zaigu. Beste azpiegitura batzuen espedienteak mahai gainean izan genituenean sufritu genuena ikusita, bitartekari lanak egitea erabaki genuen, eragozpenak ahal zen neurrian txikitzeko. Erabaki gogorra izan zen, baina zentzuduna. Udal teknikarien eta Eusko Jaurlaritzako teknikarien lanari esker, eragozpenak txikitzea lortu dugu. Ez dago desjabetze bat ordainduko duen dirurik, baina egoera juridikoak agintzen du”, esan du.
Ezkioko udal ordezkariek ez dute argi egunen batean trena martxan jarriko den ala ez. “Etortzen bada, ea noiz datorren. Eta etortzen ez bada, argi eta garbi geldituko da hanka-sartze galanta izan dela. Jakiteko kontu asko daude: Frantzia, Espainia eta Nafarroarekiko loturak, hiriburuetako sarrerak… Trena martxan jartzen bada, herriari onura ekar diezaion lan egingo dugu”.

Itsasoren banantzea ere guztien onerako izan dadin lan egingo dute. Itsasoarren eskaerak ez zituen ezustean harrapatu udal ordezkariak. Gainera, Aiesta Itsasoko Mandubia auzokoa da. “Bi herriak elkartu zituztenetik, itsasoarren berriro udalerri izan nahia olatu baten antzekoa izan da. Une indartsuak eta une lasaiak egon dira. Aurreko legealdian aukera hori aztertzen hasteko eskatu zioten udalari, eta gaiari heltzea erabaki genuen: aukerak ba ote zeuden aztertu, eta, aukera horiek bazeuden, zein bide jarraitu behar zen”.
Bidea pausoz pauso egin dute, eta duela aste batzuk galdeketa egin zen Itsason. “Argi eta garbi ikusi zen, gustatu edo ez, itsasoarren gehiengo baten nahia Ezkiotik bereiztea eta udalerri propioa izatea dela. Argi genuen itsasoarrek hori eskatzen baziguten beraien nahia gauzatzeko baliabideak jarriko genituela. Politika hala ulertzen dugu”, azaldu du alkateak.
Banandu ondoren bi herrietako bizilagunen arteko harremana naturala izatea espero du Aiestak. “Aurreko legealdian zazpi zinegotzitik bakarra zen Itsasokoa. Hori antinaturala zen, eta herritarren zati batek ez zuela hor egon nahi adierazten zuen. Hemendik aurrera bakoitzak bere kudeaketa izango du, eta ea horrek normaltasun batera eramaten gaituen”.
Hori bai, argi utzi nahi du ezkiotarren eta itsasoarren arteko harremanak ez dituztela moztuko. “Nahiz eta bakoitzak bere kudeaketa eraman, gauza askotan elkarrekin lan egitea komeni zaigu. Izan ere, horrek eraginkortasuna eta gastuen murriztea dakar”.
Baliabideen partekatzea
Hala, baliabide asko partekatu egingo dituzte. “Ikastetxea, anbulatorioa… partekatu egingo ditugu. Osasun etxea gabiriarrekin ere partekatzen dugu. Gainera, idazkariak eta aguazilak bi udalentzat lan egingo dute, eta autoa, traktorea, erremolkea… bionak izango dira”.
Bestalde, urtarrilaren 1etik aurrera bi udal egongo direnez, herritarrek orain arte baino gehiago parte hartzea erabat beharrezkoa izango da, Aiestak dioenez:. “Bai Ezkion eta bai Itsason herritarren parte hartzea orain arte baino handiagoa izan beharko da. Udalerri txikiak bideragarriak dira, baina horretarako herritarrek herriaren alde lan egin behar dute”.
«Ezkio eta Itsaso banantzean, krisialdia abagune ere izan daiteke»
Iñaki Mendiguren (Idazlea)

Iñaki Mendigurenek (Ezkio, 1954) hamaika lan euskaratu du. Tartean, Harry Potterren bilduma. 2013an Euskadi Saria irabazi zuen, Sarah Turtle emaztearekin batera,
Tom Sawyer-en abenturak eleberri klasikoaren itzulpenagatik. Bilbon ezagutu zuten elkar eta Arrasaten bizi izan ziren, baina Ezkioko etxe eder batean bizi dira aspalditik.
Nolakoa zen zure haurtzaroko Ezkio-Itsaso? Asko aldatu al da ordutik?
Ezkio eta Itsaso bi herri ziren oraindik ni jaio nintzenean. Garai hartan baserrietan jende gehiago bizi zen, ia ez zegoen kanpotarrik, herritar gehienak baserritik bizi ziren, ez zegoen industriarik eta herritar gehienak heziketa apalekoak ziren. Bi eskola eta bi eliza genituen, eta horien eta tabernen ondoan egiten zen gizarte bizitza. Gero, eskolak kendu zituzten; eta duela bi urtera arte ez da eskolarik egon. Eta elizak asko galdu du bere eragina. Bestalde, orduan oso ibilgailu gutxi zegoen, eta nekez joaten ginen inguruko herrietara.
Nola ikusten duzu herria?
Une interesgarrian. Ezkio eta Itsaso banantzean, krisialdia abagune ere izan daiteje: eremu bilduagoan jarri ahal izango dugu arreta, eta birplanteatu zer-nolako herria nahi dugun eta egin dezakegun. Gainera, eskola txikia ere itxaropena pizten duen faktore berri garrantzitsua da, haurren aitzakian guraso gazte mordoxka elkartzen delako. Jendeari ilusioa sortzen asmatu behar dugu, inplikazioa eta konpromisoa lortzeko.
Zer du ona Ezkio-Itsasok?
Landa herrien lasaitasuna eta giza harreman hurbilekoak. Gainera, hiriak eta hirietako zerbitzuak gertu ditugu. Legazpitik Ordiziaraino kultura eskaintza interesgarria dugu. Bizitzeko leku ona da!
Eta zer du aldatu beharrekoa?
Bertakoen herri kontzientzia piztu behar dugu. Aurreko hamarkadetan ekolarik egon ez denez, jendeak burua eta bihotza hemendik kanpo izan dituela iruditzen zait. Bestalde, kanportik etorri direnak integratu behar ditugu, eta herritarren arteko harremanak zaindu –herri txikiotan giroa asko txartu daiteke-eta–. Masa kritiko txikia dugula jabetzea ere garrantzitsua da, lankidetzak bilatzeko inguruko herriekin. Eta elizarekiko harremanak birplanteatu behar ditugu, alferrikako tentsiorik sor ez dadin.
Nola bizi izan duzu Itsasokoen banantzeko nahia?
Hasieran, tristuraz eta atsekabez, arazoa planteatu den moduagatik, inolako beharrik gabe giza harremanak hautsi eta zapuztu zirelako. Eta orain, dibortzioa adostuta, errespetuz. Agian, positiboa izango da bi herrientzat. Hori geroak esango du. Dena den, gogor lan egin beharko dugu denok. Zeren eta lehengo arazoak izaten jarraituko dugu.
Ezkio-Itsason biziko ez bazina, non biziko zinateke gustura?
Edonon. Ez naiz oso txokozalea. Leku gehienetan bizi liteke ondo, baldin eta norbere buruarekin bakean baldin badago eta ingurukoekin bakea bilatzen badu. Bi baldintza-edo jarriko nituzke: gizarte tolerantea eta muturreko klimarik gabea izatea.