Arabako Ilarduia herriko La Leze gaztandegiak irabazi du Euskal Herriko gazta txapelketa
Gaur goizean Artzai Gazta elkartearen Euskal Herriko gazta txapelketa egin dute Idiazabalen. Hegoaldeko lau herrialdeetako 36 gaztagilek parte hartu dute. Herrialdeetako txapelketetan lehen hamar postuetan sailkatu zirenek eduki dute parte hartzeko aukera. Lehen saria Arabako Ilarduia herriko La Leze gaztandegiko Jose Mari Jauregik eta Eli Gorrotxategik irabazi dute. Bigarren saria Nafarroako Eulate herriko Rikardo Remirok irabazi du eta hirugarrena Elgoibarko Mausitxa gaztandegiak. Haurrek ematen duten saria Mutrikuko Beñat Egañak irabazi du.
Gorrotxategik “oso pozik” daudela esan du. “Gaurko saria urte osoko lanaren emaitza da. Urte osoa ematen dugu gazta egiten eta gure bizimodua mantentzen. Gure gazta onena izatea oso pozgarria da”. Beti bezala, gazta zuri bat aurkeztu dute. “Maiatzekoa da. Zaporea du, baina ez gehiegi. Maiatzean oso eguraldi ona egin zuen gurean. Euria egin zuen eta belardiak oso ondo zeuden. Beti gazta zuriak aurkezten ditugu lehiaketetara. Izan ere, zurietan gaztaren zaporea hobeto nabaritzen dela uste dugu”.
Sari banaketa ekitaldia hasi aurretik Artzai Gazta elkarteko Pablo Basterrak eta Laboral Kutxako Jabier Kortajarenak hitzarmen bat sinatu dute. Hitzarmen honi esker, Artzai Gaztako artzainek maileguak lortzeko erraztasunak izango dituzte. Basterrak eskerrak eman dizkie gaurko festan parte hartu duten guztiei. Gazta eta artzaintza bizirik daudela esan du. Aralarko artzainak gogoan izan ditu. “Gatazka dago eta beste batzuk ere antzeko egoerak bizi izan ditugu. Konponduko dugu. Mendiak egun duen itxura badu, artzainei esker da batez ere”.