Ampo Ordiziak 23-8 galdu du Hernanin
Badu zerbait Landarek. Ampo Ordiziarentzat zelai zaila izan da betidanik, eta larunbatean ere, porrot egin zuten. Akatsek, lesio eta kanporaketek eta etxekoei beraien jokoa egiten uzteak, aldapa gora jarri zuten partida ordiziarrentzat, eta ezin izan zioten bueltarik eman.
Markagailua ikusita dirudienaren kontra, aurreneko zatia oso parekatua izan zen. 33. minutura arte bi taldeetako inork ez zuen tanto bakar bat lortu. Elosegik ireki zuen markagailua etxekoentzat, zigor kolpe batekin (3-0). Lau minutu eskasera, beste kolpe batekin erantzun zion Valentin Cruzek (3-3). Berdinketarekin joan ziren aldageletara.
Atsedenetik bueltan, ordea, etxeko taldeak erasoari ekin zion eta berehala iritsi ziren lehen entsegua eta gauzatzea (11-3). Jokaldi horretan, Ampoko Fernando Lopez kanporatu egin zuten, eta ordiziarrek jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan zuten bigarren zati osoan. 53. minutuan Bidegaraik hernaniarren bigarren entsegua egin zuen (16-3).
Zailtasun handiak izan arren, Ampok ez zuen etsi, eta 58. minutuan, Albertariok ordiziarren lehen (eta azken) entsegua lortu zuen (16-8). Gauzak hobetzen hasi zirela zirudien ordiziarrentzat, 68. minutuan epaileak Bidegarai kaleratu eta bi taldeak hamalauna jokalarirekin gelditu baitziren. Partidaren kontrola hartzeko azken bultzada hori falta izan zitzaien, ordea. Colladok 70. minutuan lortutako entseguak eta Genuaren gauzatzeak (23-8), partida puskatu zuten atzera.
Hurrena Cisneros
Hurrengo partida etxean jokatuko du Ampo Ordiziak, eta beste talde handi bat, Cisneros hartuko dute Altamiran. Madrildarrak ordiziarren arerio zuzenak dira, taularen lehen erdialdeko postuetan.