Fantasia eta beldurrezko filmen lehen asteburua egingo dute Zumarragan
Zinemaldiak bezain besteko glamourrik ez badu ere, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteak egin du bere lekua genero horretako zine jardunaldien barruan. Pasa den urriaren 29an hasi zen aurtengoa eta
Zinemaldiak bezain besteko glamourrik ez badu ere, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteak egin du bere lekua genero horretako zine jardunaldien barruan. Pasa den urriaren 29an hasi zen aurtengoa eta ostiralean amaituko da. Baina Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astea film emanaldien sorta baina gehiago da, egun horietan zehar Antzoki Zaharra eta ingurua festa-gune bihurtzen baitira genero honen jarraitzaileentzat. Gainera, erakusketak eta bestelako jarduerak ere elkartzen dira Donostian, kaleak kolorez, dibertsioz eta fantasiaz betez.
Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astea bere osotasunean ez, baina egunotan bertan ikusiko denaren lagin bat Zumarragako Zelai-Arizti aretoan izango da ikusgai datorren asteburuan, hilaren 5ean eta 6an. Lehenengo aldiz egingo diote keinu mota horretako zineari Zumarragan aurten, Zelai Arizti aretoko zine emanaldiak kudeatzen dituen HTK Film enpresak, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Asteak, Butak 21 zineklubak eta Zumarragako udalak elkarlanean antolatuta.
Aurkezpenak Zelai Ariztin
HTK Film-eko Joxi Alonsok esan duenez, ohiko zine komertzialaren emanaldiez gain, beti saiatzen dira «horrelako gauza ezberdinak Zumarragara ekartzen». Horren adibide dira, adibidez, azaroaren 18an egingo duten Mendi Tour emanaldia, edo orain urte bete pasatxotik martxan dagoen opera zuze-nean ikusteko aukera.
Larunbatean eta igandean «Donostiako zinema asteko film laburren lehiaketan irabazle suertatu diren lanak ikusteko aukera izango da Zelai Ariztin», bi ataletan banatuta, bat eguneko. Gainera, «egun hauetan Donostian ikusgai egon diren bi film ikusteko aukera ere izango da bertan: La noche del virgen eta I am a hero».
Larunbatean 20:00etan emango zaio hasiera emanaldiari. Alonsok aurreratu duenez, «Donostiako zine asteko zuzendaria, Juan Mari Beltran Zumarragan izango da, asteburua aurkezten». Lehenengo ordu erdian film laburrak ikusteko aukera egongo da, eta jarraian eskainiko dute La noche del virgen. Roberto San Sebastian zuzendari bizkaitarraren lan hori Gabon zahar gau batean girotuta dago. Nicok birjintasuna galdu nahi du kosta hala kosta. Testuinguru horretan ezagutuko du Medea eta hortik aurrera garatuko da istorioa. San Sebastian Zelai Ariztin izango da filma aurkezten.
Igandean 19:30ean hasiko da emanaldia, egitura berarekin. Film laburren bigarren emanaldiarekin hasiko da, eta gero Shinsuke Sato japoniarraren I am a hero izango da ikusgai. Sarrerak 5 euroan izango dira salgai.