Ikus-entzunezkoez gain, kafe-tertulia, jardunaldi gastrokulturala eta mendi ibilaldia egingo dituzte, hilaren 8tik 13ra, Ormaiztegiko Mendi Astearen barruan. XIV. Argazki Lehiaketa ere martxan da
Mendia Ormaiztegiko herrigunera jaitsiko da datozen egunotan, hilaren 8an hasi eta 13ra arte Mendi Astea egingo baitute bertan. Ikus-entzunezkoen emanaldi sorta prestatu dute eta, besteak beste, Koke Lasa ormaiztegiarrak Kilimanjaroko Uhuru Peak-en egindako igoeraren berri eskainiko du hala irudietan nola hitzetan.
Asteak gehiagorako emango du, ordea. Hilaren 11n, ostiralarekin, Aurelio Artetaren
Euskal erromeria margolan gonbidatuaren inguruko kafe tertulia egingo dute Zumalakarregi mu- seoan, 19:00etan. Solasaldian Josu Aranberrik (i2basque) eta Javier Castrok (Ostolaza elkartea) parte hartuko dute. Izena hilaren 10a baino lehen eman behar da museoan bertan.
Azaroaren 12an XIX. eta XX. mendeko Eleganteen bilkurari lotutako jardunaldi gastrokulturala izango da Barduliarrak elkartean 10:00etatik 13:00etara. Kuko jatetxeko Iker Markinezek egingo ditu sukaldari lanak. Menua honakoa da: zurrukutuna, oiloa gisatuta eta kremazko bonbak (Ezkurdia fondako Jaxinto Ezkurdiaren errezeta liburutik ateratakoa). Ikastaroa amaituta, parte hartzaileek plater guztiak dastatu ahal izango dituzte. Prezioa 5 eurokoa da eta izena museoan eman behar da azaroaren 9a baino lehen.
Azkeneko ekintza hilaren 13an izango da, 09:00etan mendi ibilaldia egingo dute udaletxetik aterata eta 18:30ean gaztaina-janarekin itxiko dute Mendi Astea.
Argazki lehiaketa
Ormaiztegiko argazki lehiaketa herrikoiaren 14. ekitaldia da aurtengoa. Gaia, oraingoan, mendia da eta argazkiak 13×18 formatoan utzi behar dira. Irabazleak 150 euroko saria jasoko du. Lanak uzterakoan bi gutun azaletan banatu behar dira egileen datuak eta argazkiak. Ormaiztegiarrek baino ezin dute parte hartu eta lanak azaroaren 8ra arte utzi daitezke udal liburutegian. Sari banaketa hilaren 11n egingo dute kultur etxeko aretoan.
EGITARAUA:
· Azaroak 8, asteartea. Fidel Mendiaren Esqui en Europa del Este. Kultur etxeko aretoan 19:00etan.
· Azaroak 9, asteazkena. Fermin Mino-ren Kayak Nepalen, Himalayako iturrien bila. Kultur etxeko aretoan 19:00etan.
· Azaroak 10, osteguna. Mikel Zabaltzaren Karakorum Tour. Kultur etxeko aretoan 19:00etan.
· Azaroak 11, ostirala. Koke Lasaren Uhuru Peak, 5895 metro (Kilimanjaro, Tanzania, Afrika)’. Kultur etxeko aretoan 19:00etan. Segidan, Ormaiztegiko XIV. Argazki Lehiaketako sari banaketa.
· Azaroak 13, igandea. Mendi ibilaldia, 09:00etan, udaletxetik aterata. 18:30ean, gaztaina jana, plazan.