Bete-betean da mineral eta fosilen asteburua Urretxun
Eguraldiak laguntzen ez badu ere, Urretxun giroa aparta da egun hauetan ospatzen ari den mineralogia eta paleontologia asteburua dela eta. Ederrena frontoia, Iparragirre plaza, Urrelur museoa eta Juan de Lizarazu erakusketa aretoa dira mineral, fosil eta harribitxiei eskainitako asteburuko gune nagusiak.
Ederrena pilotalekuan mineral, fosil eta harribitxien azoka dago kokatuta. Gaur eta bihar, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da irekita. Toki guztietatik etorritako erakusle, saltzaile eta adituak elkartzen dira bertan, baita bildumazale eta erosle asko ere. Josep Serrano eta Montse Bague kataluniarrak ere bertan izango dira, harribitxiak nola lantzen diren erakutsiz. Erakustaldiak gaur 18:00etan eta bihar 12:00etan eta 17:00etan egingo dituzte. Haurrentzako tailerrak ere izango dira.
Haurrek, bestalde, parke berezia dute Iparragirre plazan. Suhar taldearekin elkarlanean, arkeologia tailerrak antolatu dituzte bertan eta urteroko lau ekintzak egongo dira: historiaurreko margoketa, urrea bilatzea, aurkikuntza paleontologikoak eta dinosauroen arrastoak, Parkea gaur eta bihar dago zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.