Uema elkartean sartu berritan, herriaren egoera aztertzeko tailerrak ari dira egiten
Legorretar talde bat herriko udaletxean bildu da gaur goizean Euskararen arnasgunea deritzan tailerrean parte hartzeko. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, udalak berak eta Elegunea euskara elkarteak antolatutako tailerra da, eta euskararen inguruan herritarrek dituzten kezkak jasotzeko helburua du. Bigarren saio bat ere egingo da, datorren larunbatean, hilak 12, goizeko 11:00etan.
Legorretan euskararen eta bere erabileraren, garapenaren eta transmisioaren inguruan herritarrek dituzten kezkak, iritziak eta ekarpenak jasotzeko balioko dute saioek. Herriko datuak ere aztertuko dira. Horrekin guztiarekin, diagnosia egingo dute eta Legorretan dauden ahulguneetan eragiteko lana nola egin finkatuko dute.
Legorreta Uemako kidea da maiatzaz geroztik, mankomunitateko gainontzeko udalerrietan bezala, %70etik gorakoa delako euskaldunen indizea herrian. Hain zuzen, legorretarren %69,8 dira euskaldunak eta %16,66 ia euskaldunak. Horrenbestez, %78,13ko indizea du udalerriak, euskaldunak eta ia euskaldunak batu eta ateratako kopurua bitan zatitu eta gero.