Olanok irabazi du Beasaingo odolki lehiaketa
Laugarren urtez jarraian jaso du Beasaingo odolkiaren errege titulua
Olano harategiak irabazi du laugarren urtez jarraian Beasaingo odolki lehiaketa. Josema Olano berak jaso du saria Loinaz Usabiaga emaztearekin eta Ixabel Imaz amarekin batera. Horrenbestez, hamaikagarren aldiz eskuratu dute Olanokoek Beasaingo odolkiaren errege titulua. Gaztetxoen pintxo lehiaketa, berriz, honako hirukote honek irabazi du: Arnau eta Pau Guitart eta Julene Ruiz.
Beasaingo odolkiaren kofradiak antolatutako txapelketaren 32. edizioa berandu hasi da goizean, hainbat epaimahaikideek arazoak izan dituztelako herrira iristeko garaian N-1 errepidean izandako istripu baten ondorioz. Odolki dastaketaren hasiera, beraz, berandutu egin da, eta epaiaren berri espero baino ordu bete beranduago eman dute.
Epaimahaikideek 14 odolki izan dituzte dastatzeko, Beasaindik eta beste herri askotatik ekarritakoak. Dena den, Beasaingoak nagusitu dira, lehiaketaren lehen hiru postuak bertako harategietarako izan dira eta. Olano izan da lehena, Iñaki Ormazabal bigarrena eta Mujika hirugarrena.
Olano familiak “pozik” jaso du saria, hainbeste aldiz irabazi duten arren. Sariak lana ekarriko dietela esan dute, baina “ohituta” daudela erantsi dute. Ama Ixabel Imazek “hunkituta” zegoela adierazi du. Beren odolkien sekretuaz galdetuta, ez dagoela erantzun dute, “bertako jenero asko eta kalitate onekoa, naturala” erabiltzea bakarrik. Olanotarrek, txapela eta garaikurraz gain, 300 euro, datorren urteko otsailaren 5ean Kofradiak ospatuko duen egun handian bere odolkiak dastatu ahal izatea eta Beasaingo odolkiaren errege titulua jaso dituzte saritzat.














