Ostegunean ‘Jaiak eta berdintasuna’ tailerra emango dute udaletxean. Udal teknikarientzat eta politikarientzat formazio saioak antolatu dituzte
Iaz, azaroaren 25ean Zegaman egindako elkarretaratzea.
Zegamako Udalak Azaro Morea izeneko ekimena antolatu du, herrian emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bultzatzeko. Egitasmo honen barne, tailerrak antolatu dituzte herritarrentzat, udaletxeko langileentzat eta udal ordezkarientzat.
Herritarrentzako antolatu duten lehen tailerra aste honetan bertan izango da. Ostegunean, hain zuzen ere. Nahi duten herritar guztiek parte hartu ahal izango dute.
Tailer hau zegamar guztiei dago zuzendua, baina bereziki elkarteetako kideei. Izan ere, jaien eta berdintasunaren gaia landuko dute. Jaietan emakumezkoen aurkako erasoak egoten dira eta Zegamako tailerrean eraso horiek nola ekidin landuko dute.
Bigarren tailerra datorren asteko ostegunean izango da: hilaren 17an. Elkarteei zuzendua dago. Izenburua Nola sustatu dezakete elkarteek berdintasuna? du izenburua.
Herritarrei zuzendutako hirugarren tailerra azaroko azken ostegunean izango da: hilaren 24an. Beldurrik gabeko guneak eraikitzen du izenburua eta herriko emakumeei zuzendua dago.
Zegamako Udaleko Berdintasun sailak antolatutako hiru tailer hauek udaletxeko batzar aretoan emango dituzte, 18:00etan. Azaro Morea ekimeneko tailerrak Murgibe enpresako Idoia Lekuek gidatuko ditu.
Sentsibilizazioa
Udal langileentzat eta udal ordezkarientzat ere tailerrak antolatu dituzte. Ikastaro hauen guztien helburua zegamarrak sentsibilizatzea da. «Ekimen honen helburua denok generoaren betaurrekoak jartzea da. Ez badugu arazo bat dagoela ikusten, ezin izango dugu konpondu», azaldu du Lekuek.
Teknikarientzat eta politikarientzat bost orduko saioak antolatu dituzte. Teknikariek atzo egin zuten bi ordu eta erdiko lehen saioa. «Oso gustura» atera ziren tailerretik eta «oso baliagarria» izan dela esan zuten.