Euriaren gainetik, Txerri Azoka nagusi
Eguraldi txarrak ez zuen zapuztu atzo Mutiloako Txerri Azoka. Jende ugari gerturatu zen txerrigorrien herrira, txerriaren eta txerrikiaren inguruko festara. Herriko plazan eta pilotalekuan jarri zituzten posturik gehienak: txerria burruntzian erretzen, odolkiak egiten, txerrikia, eztia, barazkiak, sagardoa, txerriak… denetarik ikusi, erosi eta dastatu ahal izan zen Mutiloan.
Mutiloako Udala gustura dago aurten ere Txerri Azokak izan duen erantzunarekin: “Jende asko etorri zen”, dio Iñaki Ugalde alkateak. Herri bazkarian 110 lagun elkartu zirela jakinarazi du.
Azokako produktuz osatutako saskia ere zozkatu zuten, eta Imanol Ruiz de Egino izan zen irabazlea.
Goierri BirZirik
Aldarrikapenak ere izan zuen lekua atzo Txerri Azokan. Birziklatzearen Aldeko eta Mutiloako Zabortegiaren Aurkako plataformak sinadura biltzen, informazioa banatzen, pegatinak saltzen eta dirua biltzen aritu zen.