Partida bizia eta parekatua jokatu zuten Ampo Ordiziak eta Cisnerosek igandean. // Argazkia: Ainhoa Muriel
Ez da galtzeko modurik txarrena, bi puntu lortu baitituzte, baina galtzeak, eta are gehiago etxean, mina ematen du. Izan ere, Ampo Ordiziak estu hartu zuen Cisneros talde madrildarra, eta irabazteko aukerak ere izan zituzten etxekoek. Azken jokaldian ordea, epaileak dudazko zigor kolpe bat adierazi, eta madrildarrek 26-29 irabazi zuten. Porrota arindu duena, puntu banaketa izan da; ordiziarrek bi puntu lortu baitituzte, bata erasokoa, lau entsegu egin zituztelako, eta bestea defentsakoa, zazpi puntu baino gutxiagogatik galdu zutelako.
Cisneros ohorezko mailako oilarretako bat da, eta ordiziarrek bazekiten ez zela lehia erraza izango. Indarrean atera ziren etxekoak; bi taldeek joko bizia eta azkarra egin zuten, eta partida oso parekatua izan zen aurreneko zatian. Atsedenera etxekoen aldeko 12-5eko emaitzarekin joan ziren. Aldageletatik bueltan, madrildarrek partida berdindu zuten, baina etxekoek buelta eman eta bi entsegu egin zituzten jarraian, 20 minuturen faltan, 26-12koa jarriz. Cisnerosek ez zuen etsi ordea, eta atzera markagailua berdintzea lortu zuten. Azken jokaldian etorri zen polemikarako erabakia, epaileak bisitarien aldeko zigor kolpea adierazi zuenean. Azkenean, aukera aprobetxatu eta 26-29 gailendu ziren madrildarrak.