Mutiloako zabortegiko asmoa geratzeko eskatu dute hiru herritako bizilagunek eta udalek
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak herrialdeko hondakinak Mutiloako Lurpe zabortegira ekartzearen aurka, goierritar ugari elkartu da gaur arratsean Ordizian. Goierri Birzirik herritar plataformak eta zabortegiaren inguruko hiru udalerriek egindako agerraldian, asmoaren kontrakotasuna plazaratu dute, irailaren 28an aldundiaren asmoa jakin zenetik lehenengo aldiz bateratuta.
Hiru udalek plataformak aurkeztutako mozioa onartu dute. GHKri eskatu diote gera dezala zabortegia egokitzeko prozedura. Aldundiari, berriz, hondakinen kudeaketaren arazoa modu “arduratsuan eta partekatuan” konpontzeko lan-mahai bat era dezala; azkenik, Ferrovial enpresari (Lurpe zabortegia kudeatzen du) kontratua ez dezala sina eskatu diote.
Ahalegina hondakinak bereiztean jarri behar dela ere nabarmendu dute plataformak eta udalek. Hiru udalerri horietan, pertsonako eta hilabeteko 5,8 kilo errefusa sortzen dute. “Neurria Gipuzkoa guztian ezarriz gero, urtero sortzen den errefusa kopurua 165.000 tonatik 50.000 tonara jaitsiko litzateke”. Bilketa sistema eraginkorra eta etxeko hondakinak “behar bezala sailktzeko” derrigortasuna aldarrikatu dituzte, horretarako.
Goierri Birzirikek Goierriko udal guztietan aurkeztuko du Mutiloako zabortegiaren eta hondakinen bereizketaren aldeko mozioa. Sinadura bilketak, hitzaldiak (Ordiziako gaztetxean, ostiralean 16:30ean) eta manifestazioa (azaroaren 26an, Ormaiztegin) ere burutuko dituzte.