Aristrain enpresariarentzat 64 urteko kartzela zigorra eskatu dute
Olaberriko Aristrain altzairutegia aitarengandik jaso zuen Jose Maria Aristrain de la Cruz enpresariarentzat (Olaberria, 1963) 64 urteko kartzela eskatu du Madrilgo Fiskaltzak. Pozuelo de Alarcongo (Madril, Espainia) epaitegian haren aurkako prozesua irekita dago, zerga iruzurragatik. Fiskaltzaren arabera, Aristrainek 2005etik 2009ra bitartean 211 milioi euroko iruzurra egin zion Espainiako Ogasunari, Herbehereetan erregistratutako JMAC sozietatearen bidez bere diru sarrerak fiskalitatetik igarotzea saihestuta.
Iruzur egindako diru hori, fiskaltzaren arabera, bost urte horietan zehar Arcelor SA, Arcelor Mittal SA eta Arcelor Mittal Steel enpresek emandako mozkinak zerga sisteman deklaratu ezagatik mantendu ditu enpresariak, eta zati bat baita Arcelor Mittalen akzioen salmentaren plusbaliena ere.
Aristrain Arcelor Mittal altzairugintza multinazionalaren %2aren jabea da. Talde indiar horrek erosi zuen Aceralia, urte batzuk lehenago Aristrainek eta beste altzairugile euskaldun batzuek sortutako enpresa. Forbes aldizkariaren arabera, munduan diru gehien dutenen zerrendan 67. postuan dago Aristrain.
Fiskaltzak, kartzela zigor eskaeraz gain, ustez iruzur egindako 211 milioiak itzultzeko eta 1.190 milioi euroko isuna ere eskatu du.